Ekonomia -
'Financial Times'-en arabera
Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat da inbertsioarentzat
Gainera, atzerriko inbertsioa erakartzeko 'Invest in the Basque Country' estrategia Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenetako bat bezala aitortu du 'Financial Times' egunkariak.
eitb.eus
Financial Times Erresuma Batuko egunkariak eginiko hiri eta eskualdeen rankingaren arabera, Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat da atzerriko inbertsioarentzat, SPRI Taldeak agiri batean jakitera eman duenez.
Gainera, atzerriko inbertsioa erakartzeko 'Invest in the Basque Country' estrategia Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenetako bat bezala aitortu du egunkariak.
Financial Times-ek bi urterik behin egiten du azterketa hori. Aurreko edizioan, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) irabazle izan zen Europako tamaina ertaineko eskualdeen konektagarritasunaren sailkapenean.
Azken sei urteetan bikoiztu egin da atzerriko inbertsioa
Euskadiren erakarpen-indarra hazi egin da azkenaldian, eta horren erakusgarri da joan den sei urteetan bikoiztu egin dela atzerriko zuzeneko inbertsioa, kapital fluxua 2.980 milioi eurotik (2006-2011) 6.565 milioi eurora (2012tik 2016ra) igaro delarik, SPRIk zehaztu duenez.
Atzerriko kapitala duten enpresek % 13ko ekarpena egiten diote Euskadiko BPGari, eta 52.000tik gora lanpostu sortzen dituzte.
SPRIko Invest in the Basque Country arloaren jarduera lagungarri izan da kopuru horiek lortzeko. 2014-2017 urteen artean, 216 proiektu kudeatu ditu guztira; horietatik 62 arrakastatsuak izan dira, 334,5 milioi euroko inbertsioa sortzeaz gain, 1.329 enplegu berri sortu eta 2.637 mantendu baitituzte, erantsi duenez.