Ekonomia -

Lan eskaintza publikoa

Nafarroako Gobernuak 2.137 lanpostuko ezohiko deialdi publikoa egingo du

Dagoeneko existitzen diren lanpostuak egonkortzeko deialdia izango da. 1.141 lanpostu irakasleei zuzenduta egongo dira; 635 osasun sektoreko langileei; eta 361 beste kategoria batzuetako beharginei.

Maria Solana, Maria Jose Beaumont eta Fernando Dominguez kontseilariak. Argazkia: EFE
Maria Solana, Maria Jose Beaumont eta Fernando Dominguez kontseilariak. Argazkia: EFE
Maria Solana, Maria Jose Beaumont eta Fernando Dominguez kontseilariak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak 2.137 lanpostuko ezohiko deialdi publikoa egingo duela iragarri du. Ez dira lanpostu berriak sortuko. Egun existitzen diren lanpostuak egonkortzeko deialdia izango da.

Foru Gobernuak sindikatuei gaur azaldu dienez,  1.141 lanpostu unibertsitatez kanpoko irakasleei zuzenduta egongo dira; 635 osasun sektoreko langileei; eta 361 Administrazioko beste kategoria batzuetako beharginei.

Maria Jose Beaumont, Fernando Dominguez eta Maria Solana Funtzio Publikoko, Osasuneko eta Hezkuntzako sailburuek agerraldia egin dute ezohiko lan deialdi publiko honi buruzko azalpenak emateko.

Aldi bateko kontratuarekin baina gutxienez hiru urtez jarraian lanean aritu diren behargin ebentualei zuzendutako deialdi publikoa da. Beaumontek esan duenez, egonkortu daitezkeen lanpostu guztiak eskainiko dituzte eta behin-behinekotasun tasa altuenak dituzten lanpostuak aukeratu dituzte.

Osasun sektorean, 635 lanpostuko deialdi publikoa egingo dute. 235 plaza medikuei zuzenduta egongo dira; 242 diplomatuei; 100 erizainen laguntzaileei; 33 osasun teknikariei; eta 25 zaindariei.

Dominguezek azaldu duenez, kategoria bakoitzeko azterketa bakarra egitea aurreikusten dute. Beste sektore batzuetan ere hala egitea aztertzen ari direla erantsi du Beaumontek.

Hezkuntzari dagokionez, 1.141 lanpostu egonkortu nahi dituzte. 430 lanpostu Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta egongo dira, 136 euskaraz eta 254 gazteleraz. Bigarren Hezkuntzan 689 lanpostu izango dira, 248 euskaraz eta 441 gazteleraz. Gainerako 22 plazak musika eta arte eszenikoko irakasleei zuzenduta egongo dira, denak gazteleraz.

Egonkortuko dituzten beste lanpostu batzuk hauek dira: 136 administrazio-laguntzaile; laneko arriskuen prebentziorako hiru teknikari; askotariko zerbitzuetako 98 langile; sistema informatikoetako hiru teknikari; eta lehen mailako bederatzi ofizial.

Sindikatuek Nafarroako Gobernuaren proposamena aztertuko dute orain, Foru Gobernuak dekretua onartu eta deialdiak zehaztu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea