Ekonomia -
Martxoak 8
Emakumeek eta aldarrikapen feministek hartu dute kalea
'Emakumeok planto' lelopean, mundu osoko emakumeek euren eskubideak aldarrikatzen ari dira gaur, aurrekaririk gabeko greba feminista batean.
eitb.eus
Berdintasun eza eta indarkeria matxistak agerian uzteko une historikoari heldu diete emakumeek gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Biztanleriaren erdia baino gehiago dira, eta gaur Euskal Herriko historian lehen greba feministarekin bat egin dute. Emakumeen eskubideen, berdintasunaren eta justiziaren aldeko nazioarteko lanuztea da, eta mundu osoko 70 herrialde baino gehiagok babestu dute. (Argitu hemen greba feministari buruzko zalantza guztiak)
Hala, milaka emakumek Bilboko kaleak hartu dituzte eguerdian aldarrikapen giroan, eta mugimendu feminista bera ere harritu duen erantzuna jasotzen ari da deialdia.
Bizkaiko hiriburuan hainbat lekutan egin dituzte elkarretaratzeak, baina gehienek bat egin dute Moyuan eguerdian.
Lehenago, beste elkarretaratze handi batzuk ere izan dira Unamuno plazan, Zazpikaleetan eta Arriagan, eta handik Kale Nagusia hartu eta Moyuara joan dira.
Bertan, milaka eta milaka pertsona lurrean eseri dira jai giroan aldarrikapenak oihukatzen eta jai giroan. Nonahi ikus zitezkeen jantzi beltzak eta kolore moreko osagarriak.
Mugimendu feministak berak aitortu du espero baino erantzun handiagoa jaso dutela, eta gogorarazi dute protestak aurrera jarraitzen duela arratsaldean, eta kontsumo greba ere badela (Bilbo erdigunean hainbat denda itxi dituzte).
Donostian ere asko izan dira kalera atera diren emakumeak, eta, besteak beste, Boulevarden elkarretaratzea egin dute mugimendu feministak deituta eta kalean manifestazioa ere egin dute.
Donostia. Argazkia: Efe
Baionak ere bat egin du mobilizazio feministarekin, eta emakumeak kalera atera dira berdintasunaren alde aldarri egitera.
Gasteizen oso goiztiar hasi dira protestak, eta Ertzaintzak hiru emakume identifikatu ditu goizeko zortziak baino lehenago pankartak jartzen ari zirenean.
Gasteiz. Argazkia: Efe
Bestalde, dozenaka lagun elkartu dira Nafarroako Parlamentuaren atarian Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko. Elkarretaratzea 11:00etan izan da, Gobernuaren kontrolerako saioaren ostean, eta bertan izan dira talde parlamentario guztietako ordezkariak.
Elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren atarian. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarrean ere izan du isla greba feministak, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko 23 emakumezko legebiltzarkideen lekuak hutsik egon baitira.
EAJko eta PPko legebiltzarkideek soilik parte hartu dute Bakartxo Tejeria (EAJ) buru zuen saioan. EAJko legebiltzarkideek 15 minutuko elkarretaratzea egin dute eguerdian.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Lanuzteak
Greba deialdia ez da unitarioa, ondorioz, lanuzte ezberdinak deitu dituzte martxoaren 8rako. Hego Euskal Herrian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta ELA, LAB, Steilas, ESKA, Hiru eta EHNE sindikatuek, besteak beste, txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak deitu dituzte. Konkretuki, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.
Bestalde, UGTk eta CCOOk bi orduko lanuzteak planteatu dituzte: 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. CGT eta CNT sindikatuek, ostera, egun osoko greba egitea eskatu dute.
Greba lau esparrutan deitu dute, lanean, hezkuntzan, zaintzan eta kontsumoan. Horrela, “emakumeak geldituko balira mundua geldituko” litzatekeela demostratu nahi dute.
Mobilizazioak
Honenbestez, ez da greba klasikoa. Lanuzteak herri eta hirietan diseinatutako ekintzekin lagunduko dituzte.
Euskal Herri osoan mobilizazio ugari aurreikusi dituzte. 12:00etatik eserialdiak egiten ari dira eta 20:00etan manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan.
Gainera, beltza nagusitu da emakumen janzkeran, horretarako deia baitzegoen, eta besoko more bat jartzea ere eskatu dute; baita etxeko balkoian amantala jarri ere, zaintza lanen ikur bezala.
Zer ekarpen egin ditzakete gizonek?
Gizonei ezin zaie legez debekatu greba egitea, baina mugimendu feministek lanuzteekin bat ez egitea eskatu diete. Izan ere, sektore feminizatuenak azaleratzea eta emakumeek ekonomian duten pisua erakustea da helburua.
Gainera, gizonek emakumeek egin ohi dituzten lanak egitea da beste helburu bat, emakumeen desberdintasunak eta prekarietatea ezagutu ditzaten.
Batik bat, kontuan hartu behar da greba emakumeena izango dela. Dena dela, badaude moduak gizonek ekarpenak egiteko greba arrakastatsua izan dadin.