Ekonomia -

ELA-LAB aliantza

'Txiki' Muñoz: 'Grebarik gabe ez da posible ELA eta LABen arteko elkarlana'

ELAko idazkari nagusiak gogor kritikatu du LAB sindikatua, hezkuntza publikoko hiru sektoretan Eusko Jaurlaritzarekin akordioetara iristeagatik eta greba-deialdia bertan behera uzteagatik.

Adolfo Muñoz (ELA) eta Garbiñe Aranburu (LAB). Artxiboko argazkia: EFE
Adolfo Muñoz (ELA) eta Garbiñe Aranburu (LAB). Artxiboko argazkia: EFE
Adolfo Muñoz (ELA) eta Garbiñe Aranburu (LAB). Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak LABi ohartarazi dio "grebarik egin gabe" ez dela posible bi sindikatuen arteko elkarlan estrategikoa.

Bere blogean argitaratutako artikulu batean, gogor kritikatu du LAB sindikatua, hezkuntza publikoko hiru sektoretan Eusko Jaurlaritzarekin akordioetara iristeagatik eta, ondorioz, greba-deialdia bertan behera uzteagatik.

"LABek ezin du erabaki hori justifikatu, akordioak oso txarrak direlako. Sinatzeko eman duen azalpen bakarra oso kezkagarria da: 'lehen indarra gara  sektore horietan eta horrek eskatzen duen ardura politikoaz jokatzea erabaki dugu'. LABek gehiengoa duen tokietan 'arduraz jokatzeak' esan nahi du ez dela grebarik izango", adierazi du.

"Sektore oso feminizatuak dira (lantaldearen % 90tik gora emakumezkoak dira) eta, hain zuzen ere horregatik, hezkuntza publikoko zentro prekarioenak dira. Sukaldean eta Garbiketan behin-behinekotasuna % 64koa da, Heziketa Berezian % 58koa eta Haurreskoletan % 41ekoa", azaldu du Muñozek.

"Ehunka lanpostu galdu dira; lan-kargak gora egin du; eta soldatak hezkuntza publikoko batezbestekoa baino %  12-35 baxuagoak dira. LABek, CCOOk eta UGTk sinatu dituzten akordioek ez dute horietako ezer konponduko; alderantziz, arazo horiek betikotu egingo dituzte. LABek badaki horrela dela, baina berdin izan zaio", salatu du.

Eusko Jaularitzak LABen erabakia begi onez hartu duela eta, Muñozek ondokoa esan du: "Nola ez! Gobernuek eta patronalek sindikalismo 'arduratsua' beti da baloratzen dute positiboki".

"Eta horrek asko kezkatzen gaitu; izan ere, LABen helburua desmobilizazioa bada, bi sindikatuen arteko ekintza estrategikoa ez da posible", ohartarazi du.

Gauzak horrela, ELAk hezkuntza publikoan mobilizazioak mantentzearen alde lan egingo duela berretsi du, "hori baita modu bakarra gobernua mugiarazteko, murrizketak amaitzeko eta prekarietatea bukatzeko".

"Sindikalismo erreibindikatzaileak ekintza erreibindikatzaileak behar ditu. Bide horretan elkar topatuko gara, baina hortik kanpo ez", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Ekonomia Sindikatuen albistea