Ekonomia -
Greba Hezkuntzan
Sukalde eta garbitzaile, heziketa berezi eta Haurreskolen grebak eten ditu LABek
Sindikatu abertzaleak uste du 'negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk' lortu dituztela. Irakasleriaren grebari eutsi dio, dena den.
EiTB.EUS
LAB sindikatuak bertan behera utzi ditu martxoaren 14rako eta 15erako, zein maiatzerako eta ekainerako sukalde eta garbitzaile, heziketa berezi eta Haurreskolen Partzuergoan aurreikusita zeuden grebak. Dena dela, irakasleriaren artean deitutako mobilizazio eta lanuzteei eutsi die (alegia, martxoaren 14 eta 15, apirilaren 23ko astea eta ekainaren 12a).
Bilbon egindako prentsaurreko batean azaldu duenez, hiru kolektibo horietan "negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk" lortu dituzte. Negoziazio mahaietan erdietsitako aurrerapausoak "grebei, borrokari eta mobilizazioei" esker erdietsi dituztela nabarmendu dute, eta langileoi euren "erantzun zabala" eskertu die eta lortutako "garaipenagatik" zoriondu ditu.
LABen hitzetan, hiru sektore horiek "egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan" emakumeak baitira gehiengoa eta eurena delako egoera "prekarioena". Sindikatuak nabarmendu du lortutako akordioek langileon "baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetuko dute".
Hala, erdietsitako adostasun "nabarmenenak" azaldu dituzte prentsaurrekoan. Haurreskolen Partzuergoan aurrerapausoak eman dira "zikloaren aitortza politikoan, zikloari berari izaera hezitzailea aitortuz". Era berean, "herrietako haurreskolen biziraupena" bermatu eta "ordezkoen araudi duina" erdietsi da. "Ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik", adierazi dute.
Heziketa bereziari dagokionez, "merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen" lortu dituztela adierazi dute. Hau da, fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen ekiparazioa; asteko jardunaren zehaztapena, eta garraioa euren funtzioetatik kentzea.
Sukalde eta garbitzaileen alorrean, langile horiekiko eta euren lanarekiko "merezitako aitortza" erdietsi dutela nabarmendu LABek. Kolektiboaren pribatizazioa saihestu dute, LPZ handitu eta lanpostu berriak sortu dira, eta ratioak eta metrajeak definitu dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz.
ELA eta Steilas
Euren aldetik, ELAk esan du ez duela ikusten "arrazoirik" grebak bertan behera uzteko. Steilasek adierazi du "printzipioz" lanuzteei eutsiko dietela.