Ekonomia -

Eustaten datuak

BPGak % 2,9 egin du gora 2017an, EAEn

2016an baino % 0,2 gutxiago hazi da ekonomia. Hala ere, enpleguak % 2,1 egin du gora.

Bilboko Plaza Berriko taberna bateko zerbitzaria eta bezeroak. Argazkia: EiTB.
Bilboko Plaza Berriko taberna bateko zerbitzaria eta bezeroak.
Bilboko Plaza Berriko taberna bateko zerbitzaria eta bezeroak. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinaren (BPG) urtebeteko tasa % 2,9koa izan da 2017an, 2016an baino bi hamarren gutxiago. 2017ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko BPGaren urtebeteko tasak % 3 egin du gora. Enpleguak ere, gora egin du EAEn, eta urtebeteko tasa % 2,1ean kokatu da.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) astearte honetan jakinarazi duenez, ekonomiak hiru lurraldeetan egin du gora: % 3 Araban, % 2,9 Bizkaian eta % 2,8 Gipuzkoan.

2017an, lehen sektorea salbuetsirik, sektore guztiek izan dute hazkundea: zerbitzuek % 3,1 egin zuten gora, industriak % 2,7 eta eraikuntzak % 2,5.

Bestalde, enpleguak (lanaldi osoko lanpostuei dagokienez) % 2,1 egin du gora, aurreko urteko datuekin alderatuta.

Industriaren hazkundean eragin handiena manufaktura-industriak izan du (% 2,8 egin du gora). Zerbitzuetan, jokaera ona izan dute merkataritza, ostalaritza eta garraioak (% 3,7ko hazkundea), "gainerako zerbitzuek" % 2,8 egin dute gora, eta administrazio publikoak, hezkuntzak, osasunak eta gizarte zerbitzuek hazkunde motelagoa izan dute (% 2,7koa).

Barne eskariak % 3 egin du gora, baina BPGaren % 2,9ko hazkundea kontuan izanik, 2017an kanpoan saldutakoak "ekarpen negatibo txikia" eragin du.

Inportazio orokorren harira, esportazioena baino "dinamikoagoa" izan da 2017ko emaitza.

Enplegua

Enpleguaren hazkundean eragin handiena zerbitzu sektoreak izan du (% 2,2 egin du gora).

Ekonomia eta Ogasun sailburuaren iritzia

Pedro Azpiazuk "positibotzat" jo du 2017ko jardunaldi ekonomikoa, eta batez ere, enpleguaren hazkundea balioetsi du, 19.000 lanpostu sortu baitziren iaz EAEn.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Azpiazuk aditzera eman duenez, enpleguaz gain, inbertsioak zein produktibitateak ere egin dute gora.

ERKOREKA AZPIAZU EFE

Josu Erkoreka (erdian), Beatriz Artolazabalekin eta Pedro Azpiazurekin. Argazkia: EFE.

Halaber, EAEko ekonomiaren "hazkunde erritmo egonkorra" azpimarratu du Azpiazuk. Horren harira, enpleguaren hazkundea (% 2,1) daturik esanguratsuena dela gaineratu du, Eusko Jaurlaritzak abenduan aurreikusitakoa baino hamarren bat handiago izan baita. Hori horrela, 19.000 lanaldi osoko enplegu berri sortu ziren, eta batez beste 935.000 enplegu izan ziren (2011tik izandako handiena).

2018ra begira, hazkunde "aukera lagungarriak" izango direla azaldu du sailburuak, eta aurreikusitako BPGren hazkunde datua (% 2,5ekoa) mantendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Lana albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa Kontsumitzaileen eskubideak Eustat BPGd