Ekonomia -
Bankia
EBko Justizia Auzitegiak haurdun zegoen langile baten kaleratzea babestu du
Horrela, Auzitegiak Bankia bankuari arrazoia eman dio. Kaleratze kolektibo baten markoan, Bankiak EBko legedia urratu ez zuela erabaki du Auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak langile haurdun baten kaleratzea babestu du gaur; izan ere, Bankia Espainiako bankuari arrazoia eman dio. Kaleratze kolektibo baten markoan, Bankiak EBko legedia urratu ez zuela erabaki du Auzitegiak.
Europako epaileen hitzetan, kasu hauetan enpresak “kaleratzeko arrazoien berri eman behar dio langile haurdunari, eta baita behargin kaleratuak aukeratzeko irizpide objektiboak azaldu ere”.
Langile umedunen osasun eta segurtasun zuzentarauak ez du araudi nazional bat indargabetzen, kaleratze kolektibo baten markoan behargin haurdun bat kaleratzeko erabaki posible baten aurrean.
Bankiak lan-erregulazioko espedientea martxan jarri zuen 2013an; eta, besteak beste, emakume haurdun bati eragin zion. Erabakia auzitara eraman zuen langileak Bartzelonako epaitegi batean. Epaitegia bankuaren alde agertu zen.
Emakumeak helegitea aurkeztu zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Azkenean, auzia Luxenburgoko auzitegiaren esku geratu zen.