Ekonomia -

Lan-istripua

Bost langile artatu behar izan dituzte Santurtzin, ontzi batek su hartu ondoren

'Living Stone' ontzian lanean ari ziren lau behargin eta zaindari bat artatu behar izan dituzte kea arnastu ondoren. Sutea 16:55 aldera hasi da.

Ke-lainoa Santurtzin, ontzi batek su hartu ondoren. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
Ke-lainoa Santurtzin, ontzi batek su hartu ondoren. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
'Living Stone' itsasontziak su hartu du Santurtziko ontzioletan

0:31

E. L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santurtziko (Bizkaia) ontzioletan itsasontzi batek su hartu du arratsaldean, eta bost pertsona artatu behar izan dituzte kea arnastu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez.

Sutea 16:55 aldera hasi da 2. nasan. DEME-Tideway konpainiaren Living Stone ontziaren eraikuntzan, lanean ari ziren lau behargin bertan artatu behar izan dituzte, kea arnastu ondoren. Ez dituzte ospitalera eraman behar izan.

Era berean, segurtasun zaindari bat artatu behar izan dute osasun-langileek.

Sute handia izan da eta ke-lainoa sortu du. Bertaratu diren suhiltzaileek sua 17:20 aldera kontrolatzea lortu dute.

Ontzia Navaletik atera zuten urriaren 4an, eraikitzeko lanak Sestaoko ontziolatik kanpo amaitzeko.

Ontziolako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak ontzia lekualdatzeko baldintzak adostu zituzten.

Hasiera batean, Navaleko arduradunek eta ontziko armadoreak adostu zuten bertatik eramatea; izan ere, Navaleko hartzekodunen konkurtsoa amaitu baino lehen ontziolatik ateratzeko asmoa agertu zuen armadoreak hasieratik.

Irailaren 21ean armadorea ontzia gauez eramaten saiatu zen, baina Ertzaintzak eta ontziolako zuzendaritzak eta langileek eragotzi zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Santurtzi berriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Suteak Ekonomia Albisteak