Ekonomia -
Finantzen Euskal Kontseilua
Ogasunen iazko diru-bilketa gaur itxiko dute, historiako igoerarik handienarekin
Euskal ogasunek inoizko igoerarik handiena izan zuten iaz. 14.473,9 milioi bildu zituzten, 2016an baino % 11,8 gehiago. Jasotako aparteko diruaren gehiengoa zorra kentzeko bideratuko dute.
agentziak
Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua gaur, asteartea, bilduko da 2017ko diru-bilketa ixteko. Aurreko urtea historikoa izan da, euskal ogasunek 14.473,9 milioi euro bildu baitzituzten, aurreko urtean baino % 11,8 gehiago, hain zuzen.
Igoera horrek 2016an baino 1.523 milioi gehiago ekarriko ditu, eta inoizko igoerarik handiena da, zenbaki absolutuak kontuan izanda. Gainera, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak berak 2017ko urrian egindako aurreikuspenak gainditu ditu datu horrek, orduan aurreikusitakoa baino 106,9 milioi euro gehiago bildu baitituzte.
Hala, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailean egin ohi duen bilera egingo du gaur. Bertan, aurreko ekitaldiko diru-bilketa itxitzat emateaz gain, hiru foru aldundiek egindako ekarpenen likidazioa onartuko dute, eta bildutako aparteko dirua nora bideratu zehaztu.
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurreko astelehenean aurreratu zuenez, zerga bilketaren emaitza onei esker, Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino 729 milioi gehiago jaso dituzte.
Horietako 434 milioi zorra kentzeko eta finantza aktiboak sustatzeko bideratuko dituzte, 91 milioi udalekin finantzaren kolaborazioan laguntzeko eta 10 milioi hiru aldundien Doikuntza Funtserako.
Halaber, beste 150 milioi euro aurreko ekitaldi horretan hezkuntzan sortutako gastuak ordaintzeko, mugikortasunean eta osasunean inbertitzeko, eta 2012an funtzionarioei kendutako aparteko soldataren laurdena aurreratzeko.
ELAk politika soziala eskatu du
ELA sindikatuak aparteko diru-bilketa politika sozialak egitera bideratzeko eta sozietateen gaineko zerga murrizteko asmoa bertan behera uzteko eskatu du. Horren esanetan, "ez litzateke gastuaren araurik egongo EAJk PPrekin adostu izan ez balu".
Gainera, ELAren arabera, igoera gorabehera, euskal erakundeen aurrekontuek "oso mugatzaileak izaten jarraitzen dute". Jaurlaritzak "gastuaren araua betetzea adostu zuen Rajoyrekin, eta horrek 2018aren aurrekontua mugatuko du, murrizketen politikari hala eutsiz", gaineratu dute sindikatu horretatik.