Ekonomia -
Hitzarmenaren sinadura
Donostiak turismoaren munduko 250 buruzagi hartuko ditu maiatzaren 25etik 28ra
Alvaro Nadal ministroak eta Alfredo Retortillo sailburuak Munduko Turismo Erakundearen Batzorde Exekutiboa Euskadin egiteko hitzarmena sinatu dute Bilbon.
Agentziak | Erredakzioa
Munduko Turismo Erakundearen (OMT) Batzorde Exekutiboa Donostian bilduko da aurten. Horrela, turismo sektorean potentziak diren herrialdeetako 250 buruzagik eta ordezkarik hitzordua dute Gipuzkoako hiriburuan, maiatzaren 25etik 28ra bitartean.
Alvaro Nadal Espainiako Gobernuaren Energia eta Turismo ministroak eta Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak Munduko Turismo Erakundearen Batzorde Exekutiboa Euskadin egiteko hitzarmena sinatu dute gaur, Bilbon.
OMT 1974an sortu zuten. Turismo arduratsua eta jasangarria bultzatzeko NBEren erakundea da. Hiru gobernu organo ditu: Asanblada Nagusia (158 herrialde); Batzorde Exekutiboa (35 herrialde); eta Idazkaritza Nagusia.
Espainia OMTren egoitza iraunkorra da, eta horregatik, Batzordean beti du eserleku bat, eta Batzorde Exekutiboa biltzeko egoitzak aukeratzeko orduan hitza du.
2017ko ekaina
2017ko ekainean, Turismo Estatu Idazkaritza Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailarekin harremanetan jarri zen, 2018an Batzordearen lehen bilera antolatzeko aukera eskaintzeko. Gaur ekitaldia antolatzeko protokoloa sinatu dute.
Gainera, Zurab Pololikashvili (Georgia) OMTko idazkari nagusi berriaren lehen bilera izango da; izan ere, 2018ko urtarrilaren 1ean hartu zuen ardura.
Batzorde Exekutiboan 250 pertsona inguruk parte hartuko dute; OMTko langileek eta exekutiboek, Batzordeko herrialde kideetako ordezkaritzek eta afiliatuen ordezkaritzek tartean.