Ekonomia -
Martxoak 8
Sindikatuen gehiengoak martxoaren 8ko greba feministarekin bat egin du
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaia sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte eta grebara jotzeko arrazoi ugari dagoela gogoratu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an deitu duen greba feministarekin bat egin du sindikatuen gehiengoak.
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaia sindikatuek lau orduko lanuzteak erregistratu dituzte Bilboko Lan Ordezkaritzan.
Lanuzteak goizean (11:00etatik 15:00etara) eta arratsaldean (18:00etatik 22:00etara) izango dira.
Mugimendu Feministak deitutako greba enpresa mundutik harago joango da. Horrela bada, zaintza alorrean, ikastetxeetan eta kontsumo esparruan ere egingo dituzte lanuzteak. Emakumeek planto egitea nahi du Mugimendu Feministak.
Leire Txakartegi ELAko buruzagiak esan du lantokietan lanuzteak deituta emakumeak grebara eta mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi dituztela, greba feministak arrakasta izan dezan.
Txakartegik gogora ekarri du "arrazoi ugari" dagoela grebara jotzeko: "Enpresetan, prekarietatea eta emakumeen eta gizonezkoen soldaten arteko ezberdintasuna; eta esparru pribatuan, indarkeria matxista eta errekonozimendurik gabeko zaintza lanak".