Ekonomia -
Eusko Jaurlaritzak sortua
Emakumeek soldaten arteko aldea salatu ahalko dute laneko iruzurren postontzi berrian
Gizonek, batez beste, 31.271 euro jasotzen dituzte urtero, emakumeek, berriz, 23.781 euro.
Agentziak | Erredakzioa
Laneko iruzurren postontzia sortu zuen iaz Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak, eta emakumeen eta gizonen soldaten arteko arrakala salatzeko tresna bihurtzea nahi du Eusko Legebiltzarrak. Hala, legez besteko proposamena onartu du bilkurak, aho batez.
Elkarrekin Podemos taldeak eraman du proposamena Ganberara, baina PP ez beste taldeekin adostutako erdibideko proposamena da azkenean onartu dutena (PPk ere alde bozkatu du).
Eukene Arana Elkarrekin Podemos legebiltzar taldeko legebiltzarkideak proposamena azaltzeko egindako hitzaldian esan duenez, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea 7.489 eurokoa da.
Emandako datuen arabera, gizonek, batez beste, 31.271 euro jasotzen dituzte urtero; emakumeek, berriz, 23.781 euro. Alde handienak zerbitzuen sektorean izaten dira, Aranaren esanetan.
Legebiltzarrak onartutako legez besteko proposamenean hainbat neurri hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Batetik, laneko iruzurren postontzian soldata ezberdinak salatzeko berariazko tresnak jar ditzala eskatu diote, eta, bestetik, soldata arrailaren inguruan sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak egin ditzala, batez ere emakume langileei zuzenduta, baina baita enpresei ere.
Horrez gain, sei hilabeteko epean gehienez, 2018-2020 urteetarako ekintza-plana prestatzeko galdegin dio Urkulluren Gobernuari, betiere soldaten arteko aldea ezabatzea helburu. Azkenik, Emakunderekin koordinaturik, aldizka soldata-arrailak zenbait produkzio-sektoretan duen eragina eta ezaugarriak aztertu, eta txostenak egin ditzala eskatu diote.