Ekonomia -

Enpleguaren gaineko txostena

Enplegua ez ezik behin-behinekotasuna ere igo da, EHUk ohartarazi duenez

Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratutako txosten baten arabera, emakumezkoen okupazioak eragin du, bereziki, 2017an enpleguan izandako gorakada.

915.900 lagun daude lanean, Euskadin. Argazkia: EiTB.
915.900 lagun daude lanean, Euskadin. Argazkia: EiTB.
Iaz 13.800 landun berri izan ziren; horietatik 11.000, emakumeak

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017an, pertsona okupatuen kopurua igo da Euskadin, eta langabeenak, aldiz, behera egin du, "2016ko datuekin alderatuta, ia bikoitza"; hala ere, aldi baterako kontratazioak ere nabarmen egin du gora (hiru puntu), eta % 26an kokatu da. Horixe dio Euskal Herriko Unibertsitateak egindako "Euskadi 2017 Lan Txostenak".

Ikerketa Sara de la Ricak aurkeztu du, alegia, haren zuzendariak; bertan nabarmentzen dutenez, emakumezkoen okupazioak bereziki eragin du enpleguaren gorakada (ia 14.000 okupatu gehiago izan dira); orain arte, susperraldia hasi zenetik, emakumezkoen lanak ez du eman izan hauek bezalako datu onik.

Ondorioztatzen du, besteak beste, Euskadi Estatuko buruan dagoela, iraupen luzeko desenpleguari dagokionez; izan ere, hiru puntuko beherakada izan du, baina beherakada hori Estatuko beste hainbat autonomia-erkidegotan izandakoa baino txikiagoa da, ikerketaren zuzendariaren esanetan.

Hain zuzen ere, mugagabeko kontratazioak % 2 egin du behera, gizonezkoen artean, 2017an, eta aldi baterakoak gora egin du, bereziki emakumezkoetan (% 18; gizonezkoetan, % 14).

Sara de la Ricak esan duenez, behin-behinekotasunak, Euskadin, Europako beste hainbat herrialdetako datua gainditzen du, nabarmen gainera.

De la Ricak onartu duenez, baliteke enpresariek arrazoia izatea argudiatzen dutenean, aldi baterako kontratazioaren alde egitean, ez dagoela segurtasun juridiko handirik kaleratze-arrazoiei dagokienez. Irakaslearen iritziz, kontratuen kaleratzeen kostuak parekatzeak ere egingo luke behin-behinekotasunak erakartasuna gal zezan.

Herritarren % 50,4 lanean ari da, BAIren arabera

BAI Biztanleria Aktiboaren Inkestak dioenez (txostenak ere islatzen du datua), 3.700 pertsona heldu gehiago erregistratu dira EAEn 2017an, 16 urtetatik gorakoen artean 1.818.500 pertsonatako kopurura iritsita. Honako hau da lan banaketa: % 50,4a lanean da, % 43,7a ez-aktiboa da (hau da, ez dabil lanean, eta ez dabil lan bila, hainbat arrazoirengatik) eta gainerakoa, % 5,9a, langabea. Azken hamabi hiletan, ez-aktibotasunaren portzentajea egonkor ibili da, eta okupazioaren mailak pixka bat gora egin du (puntu bat baino gutxiago), langabetuen eraginari hozkatxo bat kenduta.

Kopuru absolutuetan, azken hamabi hiletan, BAIk 13.800 langile gehiago erregistratu ditu, 17.900 langabetu gutxiago eta 7.900 pertsona ez-aktibo gehiago; azken horiek dira lanik ez dutenak eta lan bila ari ez direnak, bai ikasten ari direlako, bai erretiroa hartuta daudelako edo, egoera hauetan egon gabe, lanik ez dutenak eta lanik bilatzen ez dutenak (animorik gabeko langabetuak, etxeko lanean ari diren pertsonak, edo beste batzuk).

Bai langileen gorakada baita langabetuen jaitsiera ere nabarmen handiagoa da, duela urtebete behatutakoarekin parekatuz gero. Honetara, berretsi egiten da Euskal Autonomi Erkidegoaren lan egoera hobea dela, termino agregatuetan, eta tinkoago egiten du, 2016an baino.

Euskal Autonomia Erkidegoak 915.900 landun ditu, dio txostenak. Aurtengoan, emakumeen pisua gehitu egiten da langabetuen artean. Horixe, EHUren esanetan, itxaropenerako datua da emakumeentzat; izan ere, enplegua berreskuratzen hasi zenetik, emakumezkoak pisua galtzen ari ziren etengabe landunen artean. Ikerketak dioenez, irudi lezake enpleguari zegozkion jarduera dinamikoek profil maskulinoagoa zutela. Izatez, azken hamabi hil hauetan, BAIren arabera, gizonezko enplegatuen kopurua 480.000tatik 482.700etara gehitu da; berriz, emakume enplegatuen kopurua 422.100etatik 433.200etara hazi da. Ondorioz, euskal erkidegoko enpleguaren guztirako gehikuntza, azken hamabi hiletan, emakumezkoena izan da, bereziki.

Populazio landuna gaztetu da, arin bada ere; izan ere, 25 urtetik beherakoek presentzia handiagoa dute landunen artean. Gero eta handiagoa da, halaber, goi-mailako hezkuntza duten lagunen kopurua, langileen artean, azten urteotako ildoari jarraituta; nekazaritza, aldiz, ia desagertu da, enpleguari dagokionez; hain zuzen ere, enpleguaren % 1 baino gutxiago da, EHUren esanetan.

Gehiegizko prestakuntza, langile berrien artean

Adituak ez du baztertu, horrez gain, langile berrien artean gehiegizko prestakuntza ere egotea; izan ere, lan-merkatuan sartzen direnek, askotan, soldata oso baxuak izaten dituzte.

Industrian, langileen kopuruak orain artekoari eutsi dio (ia % 23), bai eta eraikuntzan ere (% 5); zerbitzuetan gora egin du (% 71ra, 69tik). Nekazaritzan, aldiz, behera egin dute (1,7tik, 0,8ra).

Euskadin, Nafarroan bezala, langabezia-tasak gainerako autonomia-erkidegoetan baino datu hobea ematen du; izan ere, % 10,6an kokatu da 2017an (2016an % 12,5ekoa zen).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 EAE albisteak Lana Ekonomia berriak Albisteak