Ekonomia -
Greba
Bilboko TAOren lan gatazkan beste bilera bat akordiorik gabe bukatu da
UTE Eysa-Cycasayk eta enpresa-batzordeak adostasun ezaren erantzukizuna elkarri egotzi diote. Aldeak berriz bilduko dira datorren asteartean.
Agentziak | Erredakzioa
Enpresako zuzendaritza eta Bilboko TAOren langileak berriro bildu dira gaur, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren bitartekaritzarekin. Beste behin ere bilera akordiorik gabe amaitu da. Aldeak berriz bilduko dira datorren asteartean.
UTE Eysa-Cycasay enpresa emakidadunaren zuzendaritzako iturriek eta enpresa-batzordeak adostasun ezaren erantzukizuna elkarri egotzi diote. Lan Ordezkaritzan bildu dira.
TAOko langileek greba mugagabeari hasiera eman zioten urtarrilaren 2an, zazpi lankide berriro lanera itzultzea eta hitzarmenaren negoziazioa eskatuz. Hitzarmenak zazpi urte daramatza berritu gabe.
Javier Escobar (ELA) enpresa-batzordeko presidenteak ziurtatu duenez, Lan Ordezkaritzak “greba bertan behera uzteko aurreakordio” bat proposatu du; langileak sinatzeko “prest” zeuden, baina enpresak baztertu du. “Gatazka nork konpondu nahi duen eta nork ez argi dago”, azpimarratu du Escobarrek.
UTE Eysa-Cycasayko iturriek azaldu dutenez, ostera, enpresak bere jarreran “malgutasuna” agertu du, baina langileen jarrera “itxiarekin” topo egin du.
Hurrengo bilera Lan Ordezkaritzaren Bizkaiko egoitzan egingo dute asteartean, 09:00etan, Bilbon.
Diru-bilketak % 92 behera egin du greban
Bestalde, TAOren diru-bilketa abenduaren bukaeran astero 225.000 eurokoa izatetik 17.600 eurokoa izatera pasa da grebaren hirugarren astean, ia % 92ko beherakada.
Datuak Alfonso Gil (PSE-EE) Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak jakitera eman ditu, Goazen Bilbok agerraldia eskatu ondoren. Zerbitzuaren gabeziengatik Udalak UTE Eysa-Cycasari 254.542 euroko zigorrak ezarri dizkiola azaldu du Gilek.