Ekonomia -
Bidaiariak
Euskotrenek 36,1 milioi bidaiari izan zituen 2017an, 2016an baino % 13,3 gehiago
Euskotrenen zerbitzuen erabilerak bere unitate operatibo guztietan egin du gora: % 25,08 trenean eta metroan, % 2,93 tranbian eta % 0,89 autobusetan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskotren zerbitzuen eskariak 36,1 milioi bidaiari izan zituen 2017an, 2016an baino % 13,3 gehiago, urte horretan 31,9 milioi bidaiari izan baitzituen.
Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak eta Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusiak ostiral honetan, Donostian, ezagutzera eman dituzte sozietate publikoaren pertsonen 2017ko garraio zerbitzuen nondik norakoak.
Aizen hitzetan, urte "historikoa" izan da "marka guztiak hautsi" baitira. Ildo horretan, Euskotrenen zerbitzuen erabilerak bere unitate operatibo guztietan egin du gora: % 25,08 trenean eta metroan, % 2,93 tranbian eta % 0,89 autobusetan.
Trenari eta metroari dagokienez, Bizkaiko zerbitzuek % 67,89 egin dute gora, metroaren 3. linea berriak 3,2 milioi erabiltzaile baino gehiago eta Txorierriko lineak 1,2 milioi bidaiari baino gehiago eraman dituztenez, % 19,5eko igoera izan baitu.
Gipuzkoako tren zerbitzuari dagokionez, % 5,66ko igoera izan du (11.266.950 erabiltzaile), Topoaren (Lasarte Oria-Hendaia) eta Kostaldeko linearen (Zumaia-Donostia/Amara) portaera onari esker.
Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan tren zerbitzuaren maiztasuna handitzeko egin duen "ahalegin handia" dela-eta, eta metroaren 3. lineari esker, konpainiaren tren eskariak % 25,08 egin du gora.
Halaber, tranbia zerbitzuetan Gasteizkoaren bilakaera nabarmendu dute, 414.000 bidaiari baino gehiagoko igoera erregistratu baitu joan-etorrien kopuruan, 2016an izandako marka historikoa gaindituz (7.723.445 erabiltzaile). 2017an zehar, Gasteizko tranbiak 8.137.654 erabiltzaile izan ditu.
Azkenik, Euskotrenek eskaintzen dituen autobus zerbitzuei dagokienez, iaz Gipuzkoako linea guztietako datuak kontuan hartuta, % 1,25eko igoera izan da, eta % 0,48koa izan da Bizkaikoetan.