Ekonomia -

Aurrekontuak

Jaurlaritzak denda txikiak bultzatzeko zozketak jarriko ditu abian

Bernabe Unda buru duen Industria Sailaren aurrekontua % 12,9 murriztuko da. Renove planek indarrean jarraituko dute, baina diru gutxiagorekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak ez ditu Renove planak utziko datorren urtean eta aurrekontuen barruan merkataritza txikia sustatzeko dirua aurreikusi dutela iragarri du.

Hori horrela, parte hartzaileen artean doako erosketak zozketatuko dituzte eta milioi bat euroko aurrekontua izango dute dendei eta kontsumitzaileei zuzendutako egitasmorako.

Era berean, Industriak eskaria handitzeko kanpainak egiten jarraitu nahi du. Martxoan, beherapenen ostean, eskaria sustatzeko kanpaina bat abiatuko du "kontsumitzailearen konfiantza berreskuratzeko, normaltasuna itzultze aldera".

Dena dela, Renove planetarako diru kopurua "murritzagoa" izango dela azaldu dute: "Ez dugu aurten adinako esfortzua egingo diru-laguntzetan, baina oraindik kontsumitzailearen konfiantza egonkortzeke dagoela deritzogu".

Aurrekontuaren murrizketa

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 396 milioi euroko aurrekontua izango du 2011n, hau da, aurten baino % 12,9 gutxiago (17,5 milioi gutxiago).

Bernabe Unda sailburuak Legebiltzarreko Batzorde berezian aurkeztu du bere Sailak datorren urtean izango duen aurrekontua, eta historiako "inbertsio esfortzu handiena" egingo duela azpimarratu du.

Hala ere, "doiketaren eta gastuaren murrizketaren" aldeko apustua egin omen du Industria Sailak. Baina Industria Sailak inoiz izan duen bigarren aurrekontu handiena dela goraipatu du Undak.

Turismoa

Bestalde, Turismo alorreko gastua 25,6 milioi eurokoa izateko egin duten esfortzua ere azpimarratu du. Gogora ekarri duenez, Jaurlaritzaren turismo politika "arrakastatsua" izan da orain arte, izan ere, "% 12 hazi da bidaiari kopurua" aurten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea