Ekonomia -
Hobekuntzarik ez
Ekonomia gelditu egin da 3. hiruhilekoan, Espainiako Bankuaren arabera
Hala ere, geldialdia behin-behinekoa izango da. BPGaren urtetik urterako tasa % 0,2 hazi da.
Redacción
Espainiako ekonomia erabat gelditu da hirugarren hiruhilekoan, Espainiako Bankuak zabaldu duenez. Hala ere, Barne Produktu Gordinaren urtetik urterako tasa % 0,2 hazi dela adierazi du erakundeak.
Bankuaren esanetan, ekonomian aurrerapausorik ez izatea ulertzeko honako arrazoiak izan behar dira kontuan: BEZaren igoeraren eraginez, kontsumoak behera egin du; autoak erosteko diru-laguntzak eten dituzte; eta, ziurgabetasuna dela eta, moteldu egin dira inbertsioak enpresetan, kanpo-sektorearen hobekuntzak ez baitu eraginik izan.
Espainiako Bankuaren azken aldizkariaren arabera, kanpoko sektoreak hobera egin izan ez balu, ekonomiak behera egingo zukeen, faktore horien eraginez.
Miguel Angel Fernandez Ordoñezek gidatzen duen erakundeak ziurtatu duenez, hirugarren hiruhilekoan izandako geldialdia behin-behinekoa izango da, eta kontsumoa handitzen hasten denean, ekonomiak berriro izango du urte hasieran erakutsi duen hobekuntza "txikia".
Espainiako Bankuak ohartarazi egin du hazkunde ekonomikoak ez duela oraindik enplegua sortzeko indarrik izango. Hori gertatzeko, kanpoko sektorearen ekarpenak positiboa izaten jarraitu beharko du, sektore pribatuak dinamismo handiagoa erakutsi beharko du, Espainiak finantzak hobetu beharko ditu eta oinarri-oinarrizko erreformak egiten jarraitu beharko dute, konfiantza emateko.