Ekonomia -

Balantzea

Turismoak gora egin du Euskadin 2017an eta urtean zehar banatu da

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak 2017ko turismo datuen balantzea egin du FITUR turismo azokan.

Ondarreta hondartza Donostian. Argazkia: Txomin Rezola
Ondarreta hondartza Donostian. Argazkia: Txomin Rezola
Ondarreta hondartza Donostian. Argazkia: Txomin Rezola

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 3,5 milioi turista baino gehiago hartu ditu 2017an, nahiz eta bisitak urtean zehar banatu diren. Izan ere, udako turista kopurua bere horretan geratu den arren, gora egin du behe-denboraldian.

Datu positiboa dela nabarmendu du Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Hala, sektorea jasangarria dela esan du, diru-sarrerak urtean zehar banatzen baitira, udan soilik pilatu beharrean.

Euskadik Madrileko FITUR turismo azokan duen parte-hartzea azpimarratu du sailburuak. Erakundeek egingo duten promozio lanaz gain, ehun euskal enpresa baino gehiago izango dira azokan haien zerbitzuak eskaintzeko.

2017. urteko balantzea egin du Retortillok, urtarriletik azarora arteko datuekin, abendukoak kontuan izan gabe. Hamaika hilabete horietan 3.370.000 bidaiari etorri ziren Euskadira, 2016an baino % 3,4 gehiago. Horrenbestez, urte osoan 3,5 milioi baino gehiago izatea espero dutela argitu du, abenduko zubia oso positiboa izan delako.

Zentzu horretan, turismoa urte osoan zehar banatu dela berretsi du: uztailetik irailera, turista kopurua bere horretan mantendu zen, baina Gipuzkoako hainbat tokitan behera egin zuen. Dena den, gainerako hilabeteetan turismoak gora egin duenez, udako beherakada orekatu egin da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi berriak Ekonomia 2024 Albisteak