Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilboko TAO zerbitzua kudeatzen duen enpresak eta langileek batzarra egingo dute gaur
Hilaren 2az geroztik, greba mugagabea egiten ari dira langileak, abenduan izandako zazpi langileen kaleratzearen kontrako protesta moduan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko TAO zerbitzua kudeatzen duen Eysa-Cycasa enpresak eta horren langileak bilduko dira gaur, joan den hilaren 2az geroztik indarrean dagoen greba mugagabeari irtenbidea bilatzeko asmoz. Enpresaren hainbat iturrik aipatu dutenez, greba bertan behera uzteko eskatuko diete langileei, kaltedun nagusiak herritarrak eta diru-kutxa publikoa direla iritzita.
Enpresa batzordearen presidente den Javier Escobarrek, berriz, grebari eutsiko diotela iragarri du, baldin eta enpresak langileek eskatutako bi baldintzak betetzen ez baditu: abenduan kaleratutako zazpi langileak berriro hartzea, eta "xantaiarik gabe" lan-hitzarmena negoziatzea.
Gutxieneko zerbitzurik gabe egiten ari dira greba. Mantentze-lan faltagatik, parkimetro asko bateria barik geratu dira eta, horren ondorioz, itzalita daude.