Ekonomia -
Lan-gatazka Bilbon
TAOren enpresa-batzordea: 'Grebak luze joko du kaleratuak berriz lanera itzuli ezean'
Negoziatzen ari diren bitartean greba bertan behera uztea baztertu du Javier Escobar enpresa-batzordeko presidenteak, nahiz eta emakidadun enpresak hori eskatu.
Agentziak | Erredakzioa
Greba bertan behera uztea baztertu du Bilboko TAOren enpresa-batzordeak, nahiz eta emakidadun enpresak “borondate oneko keinu bezala” hori eskatu. Kaleratuak lanera itzuli ezean, gatazkak “luze joko du”, langileen ordezkarien esanetan
Javier Escobar enpresa-batzordeko presidentearen ahotan, greba “arrakasta” izaten ari da, eta asteazken honetan langileek manifestazioa egin dute berriro Bilboko kaleetan.
Escobarrek baztertu egin du negoziatzen ari diren bitartean greba bertan behera uztea, nahiz eta emakidadun enpresak hori eskatu. “Borondate onarekin zazpi langileak berriz lanera itzuli eta xantaiarik gabe hitzarmen bat negoziatzen hasten baldin badira, gu prest gaude”, erantsi du.
Langileen batzarreko agindua
Hala ere, kaleratuak lanera nola itzuliko diren eztabaidatzeari uko egiten baldin badiote, gatazkak “luze joko du”, ohartarazi du. Enpresa-batzordeko presidenteak langileen batzarrak langileak lanera itzultzeko jarri duten baldintza gogoratu du: behargin kaleratuak lanera bueltatzea eta “xantaiarik gabe” hitzarmen baten negoziazioa “mahai gainean” izatea.
Azkenik, ostegun honetan Lan Harremanen Kontseiluan egin beharreko bileran lan-egutegiaz hitz egin behar zuten, baina “guztiaz eztabaidatzen saiatuko gara”, esan du Escobarrek.