Ekonomia -
Greba mugagabea
Bilboko TAOko langileek isunei dagozkien kexak Arartekoari aurkeztea aholkatu dute
Horrez gain, 'gatazkan dauden hiru aldeekin negoziazio mahaia' osatzea eskatu diote Udalari.
Agentziak | Erredakzioa
Autoan isunen bat izanez gero, Arartekoarengana jotzea gomendatu du Javier Escobar (ELA) Bilboko TAO zerbitzua kudeatzen duen enpresa batzordeko presidenteak, zerbitzuko langileen grebak indarrean jarraitzen duen bitartean.
Bizkaiko hiriburuko TAOko langile gehienak (hamar bat izan ezik) ari dira bat egiten joan den astelehenetik abian den greba mugagabearen deialdiarekin. Ez dago gutxieneko zerbitzurik, eta, mantenurik eza dela eta, hainbat parkimetro ez dabiltza, bateria gabe geratzen ari direlako.
Bilboko TAOko sindikatuek "gatazkan dauden hiru aldeekin negoziazio mahaia" osatzea eskatu diote Udalari
TAOko langileak ordezkatzen dituzten sindikatuek "gatazkan dauden hiru aldeekin negoziazio mahaia osatzea" eskatu diote Bilboko Udalari: alde soziala, zerbitzua kudeatzen duen enpresa eta Udala bera.
TAOko langileei "ezarritako" lan egutegia dela eta sortutako gatazka kolektiboaren aurkezpenean Iñaki Oliden ELA sindikatuko ordezkari federalak Bilboko Udalari leporatu dio "arazoaren ardura", urtarrilaren 2az gero langileak egiten ari diren greba mugagabea konpontzeko ahalmena duela nabarmentzeaz gain.