Ekonomia -
zorroztasun-greba
Gasteizko udaltzainek grebari eutsi diote, Udalaren eskaintza baztertuta
Langileen ia % 70ak egin dute Gorka Urtaranen gobernuak egindako eskaintzaren kontra.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko udaltzainen gehiengoak (ia % 70) ezetz esan dio euren lan baldintzak hobetzeko Gasteizko Udalak egindako azken eskaintzari, eta horrenbestez, iazko azaroan abiatutako zorroztasun-grebari eutsiko diote.
Azken bi egunetan Gorka Urtaranen udal gobernuak helarazitako eskaintza eztabaidatu eta bozkatu dute langileek: kontrako 170 boto izan dira (% 67,67), aldeko 70, boto zuri bat eta hiru baliogabe.
Enpresa batzordea datorren astean bilduko da berriro, Udalak zer erantzungo zain.
Gasteizko Udalaren proposamenak lana eta bizitza pertsonala uztartzeko hobekuntza zekarren. Horren arabera, 'egun gorrietan' —egun bereziak, ekitaldi bat edo zerbitzuaren eskaria handia tarteko— lan egiten duten agenteek konpentsazio ekonomikoa izango lukete. Egun horietan udaltzainek ezin dute librantzarik edo baimen berezirik eskatu. Gainerako egunetan, berriz, baimenak edo lizentziak galde egin ahalko dituzte udaltzainek "gainerako udal funtzionarioek bezala".
Zorroztasun-greba azaroaren 25ean abiatu zuten langileek. Lana zorrotz egiteko greba da, lana bera trabatzerainokoa. Hala, arau-urratze guztiak, txikiena izanda ere, zigortzen ari dira. Isun ugari jarri dituzte hilabete eta erdi honetan.