Ekonomia -
Greba mugagabea
Bilboko TAOko langileek mobilizazio gehiago egingo dituztela mehatxatu dute
ELA sindikatuak 2018ko lan egutegiari buruzko gatazka kolektiboa aurkeztuko du ostiralean, enpresak "inposatutakoa" dela iritzita.
Agentziak | Erredakzioa
Urtarrilaren 2az geroztik greba mugagabean dauden Bilboko TAO zerbitzuko langileek ohartarazi dutenez, mobilizazio gehiago egingo dituzte enpresak euren eskaerak betetzen ez baditu.
Javier Escobar enpresa batzordeko presidentearen esanetan, lanuzteak abiatu zituztenetik ez dute enpresaren edota Bilboko Udalaren berririk izan (azken horren bitartekaritza eskatu dute langileek).
Langileen gehiengoa ari da greba egiten —140 beharginetatik 10 bat bakarrik daude lanean—. Bi eskaera nagusi dituzte: Eysa-Cycasa enpresak kaleratutako zazpi beharginak lanera itzultzea eta lan hitzarmena "xantaiarik gabe eta berme guztiekin" negoziatzea.
Enpresa batzordearen esanetan, Bilbon dauden TAOko 500 makinetatik 100 bat amatatu dira jada, bateria agortu baitzaie. Horrez gain, erabiltzaileek ezin dute aparkatzeko tiketa ipini hainbat auzotako parkimetroak "pegatinez estalita" baitaude.
Eysa-Cycasa enpresaren arabera, ordea, 20 inguru dira zerbitzutik kanpo dauden makinak. "TAO zerbitzua martxan dago", adierazi dute.
Gatazka kolektiboa, lan egutegia dela eta
Halaber, ELA sindikatuak iragarri du ostiralean gatazka kolektiboaren demanda aurkeztuko dutela ostiralean Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan. 2018ko lan egutegiaren harira aurkeztuko dute prozedura, enpresak "inposatutakoa" dela iritzita.
Sindikatuaren hitzetan, egutegi horrek "langileen baldintzetan aldaketa sakona dakar eta agerian uzten du enpresak konponbide bat topatzeko duen borondate eza".