Ekonomia -
Greba
Bilboko TAOko langileak, negoziatzeko prest baina 'xantaiarik gabe'
Lau urtetan soldata % 12 igotzeko proposamena egin die zuzendaritzak beharginei, baina batzordeko presidenteak azaldu duenez, “hitzarmeneko eskubideak murriztearen truke” denez errefusatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko TAOko enpresa-batzordea emakidadun enpresarekin negoziatzeko prest agertu da, baina “xantaiarik, mehatxurik eta hitzarmenaren murrizketarik gabe”. Zentzu horretan, “lehentasun nagusia” kaleratutako zazpi lankideak berriz lanera itzultzea izango dela argi utzi du.
Urtarrilaren 2an hasitako greba mugagabearen jarraipena % 99koa izaten ari dela esan du Javier Escobar enpresa-batzordeko presidenteak. Zortzi pertsona bakarrik ari dira lanean, erantsi duenez.
Era berean, “bi edo hiru egunen buruan” makina gehienak itzali egingo direla gogorarazi du Escobarrek; izan ere, bateriarik gabe geratuko dira eta berriro martxan jartzeko lanean behargin nahikorik ez dago.
Lau urtetan soldata % 12 igotzeko proposamena egin die zuzendaritzak beharginei, baina Escobarrek azaldu duenez, “hitzarmeneko eskubideak murriztearen truke” denez errefusatu dute. “Askoz gutxiagorekin konformatuko ginateke, baina murrizketarik gabe”, gaineratu du.