Ekonomia -
Langabe kopuruak, behera
Lan baldintzen prekarietateak jarraitzen duela kritikatu dute sindikatuek
10 kontratutik 9 aldi baterako direla azpimarratu du ELAk. Bestalde, lanaldi partzialen gorakadak “etenik ez” duela adierazi du LABek.
Agentziak | Erredakzioa
Nahiz eta langabeziak 2017an behera egin, Hego Euskal Herrian lan baldintzen prekarietateak jarraitzen duela kritikatu dute gaur sindikatuek agirietan.
12.939 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2017. urte amaieran, Hego Euskal Herrian, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera. Guztira, 163.279 pertsona zeuden lanik gabe abendua amaieran.
Langabeziaren beherakada handiagoa izan da Nafarroan (% 10,77) Euskal Autonomia Erkidegoan (% 6,33) baino. Zehatz-mehatz esanda, 4.313 langabe gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan eta 8.626 gutxiago, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Guztira, 35.732 langabe daude Nafarroan eta 127.547 EAEn.
10 kontratutik 9 aldi baterako direla nabarmendu du ELAk, eta horietatik erdia baino gehiagok hilabete bat baino gutxiagoko iraupena izan dute. “Prekarietateak gora egiten jarraitzen du”, eta gainera, langabeen egoera “gero eta okerragoa” da; izan ere, diru-laguntzaren bat % 22k bakarrik jasotzen dute, sindikatu abertzaleak salatu duenez.
Lanaldi partzialen gorakadak “etenik ez” eta kontratuen iraupena “oso laburra” izaten jarraitzen duela adierazi du LABek. Sindikatuaren hitzetan, “enplegu berririk ia ez da sortzen” eta oraindik 2008an baino 137.000 lanpostu gutxiago daude Euskadin eta Nafarroan.
Langabeziaren beherakada “behin-behinekotasunari eta aldi baterako kontratuei esker” lortu dela gogorarazi du Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko Sindikatu Politika idazkariak. Langabezia 8.626 pertsonatan bakarrik jaisteko EAEn ia milioi bat kontratu egin direla azpimarratu du Ballesterosek.
Bestalde, langabeziaren beherakada abenduan “estatistikentzat arnasbide bat izan da, baina ez familien ekonomiarentzat” behin-behinekotasunagatik, LSB-USOk kritikatu duenez.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak adierazi duenez, 2017ko langabezia datua "ona" da, baina oraindik ere "lan handia dago egiteko" lanpostu gehiago sortzeko eta horien kalitatea hobetzeko.