Ekonomia -
'Marguello auzia'
Marguellok akusazio guztiak ukatu ditu Legebiltzarrean
Enpresak kontratatzea bere ardura ez zela adierazi du Legebiltzarrean Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate arduradun ohiak.
Erredakzioa
Ostiral honetan agertu da Legebiltzarreko ikerketa batzordearen aurrean Jose Carlos Marguello doktorea, zenbait zerbitzuren kontratazioan Osasun Sailak egin omen zituen ustezko irregulartasunen kasuari izena ematen dion medikua, hain zuzen.
Ikerketa batzorde horretan Gurutzetako ospitalean zuen lanpostuan ez zuela kontratazioak egiteko ahalmenik esan du Marguellok.
Osasun sailak kontratatutako zenbait enpresa pribaturekin ere zerikusia zuela eta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera zegokiena baino gehiago ordaindu zitzaien zenbait enpresari.
Atea itxita hiru orduz, Marguellok azalpenak eman ditu eta batzuen eta besteen galderei erantzun die. Ondoren, zabaldutako prentsa oharrean adierazi du Gurutzetako Ospitalean betetzen zuen lanpostuak ez zuela kontratatazioak egiteko ahalmenik.
Ustez era irregularrean kontratatutako enpresetan ez zuela inolako kargurik, aholkulari soila zela gaineratu du Marguellok. Eta salatu du gerra politiko baten biktima izatea.
Azkenik, Gurutzetako ospitaletik sei urtez kaleratu izanaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du Marguellok.