Ekonomia -

Greba mugagabea

Jarraipen zabala izan du Bilboko TAOko langileen lehen greba egunak

Kaleratutako zazpi langileak "baldintzarik gabe" lanera bueltatzea eta lan hitzarmena "xantaiarik gabe eta bermeekin" negoziatzea eskatzen du enpresa batzordeak.

Bilboko TAOko langileen lehen greba eguna "ia erabatekoa" izan da. Argazkia: EFE
Bilboko TAOko langileen lehen greba eguna "ia erabatekoa" izan da. Argazkia: EFE
Bilboko TAOko langileek mugagabeko greba abiatu dute

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko TAOko langile gehienek gutxieneko zerbitzurik gabeko greba mugagabea hasi dute astearte honetan, urtarrilak 2. Besteak beste, lan hitzarmena hobetzea eta kaleratutako zazpi lankideak bueltatzea eskatzen dute. Lehen greba egunak langileen jarraipen zabala izan du, eta kaleratutako langileak bueltatu ezean, ez da konponbiderik egongo.

Goizean manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, udaletxetik abiatuta. Ibilbidea hasi aurretik, Javier Escobar Eysa-Cycasa Bilboko TAOa kudeatzen duen enpresa batzordeko presidenteak ohartarazi du kaleratutako langileak bueltatu ezean greba luzea izango dela.

Enpresa batzordeak zabaldutako datuen arabera, lehen greba eguna "ia erabatekoa" izan da. Izan ere, 140 langilek osatzen dute taldea eta hamar dira gehienez lanera joan direnak.

Bilboko TAOa kudeatzen duen enpresak azaldu duenez, egunero 90 pertsona inguru dabiltza lanean. Astearte honetan, 25 bat lagunek ez dute bat egin greba deialdiarekin. Gainera, makinen bateriak hiru egunetan agortuta egongo dira eta parkimetroak itzali egingo dira. Bilbon 500 parkimetro daude eta 15.000 leku aparkatzeko.

Enpresa batzordeko presidentearen esanetan, ez diote inori "isunik jartzen" utziko, herritarrak ez baitira lan-gatazka horren erantzuleak izan behar. Hala, lanera joan diren langileei "modu baketsuan" greba deialdiarekin bat egiteko deia luzatuko dietela esan du.

TAOko makinen bateriak hiruzpalau egunen buruan agortuko dira. Hala, "pixkanaka amatatuz" joango direla aurreikusi du enpresa batzordeko presidenteak.

Sindikatuen ordezkariekin negoziatzeko prest agertu da Bilboko TAOa kudeatzen duen enpresa, baina uko egin diote kaleratutako zazpi langileak berriz onartzeari. Izan ere, "frogatuta" geratu da ez dutela haien lana bete.

Enpresa batzordearen iritziz, TAOaren kudeaketaz arduratzen den enpresak gaur egun dituen "arazo ekonomikoak konpontzeko" helburuarekin kaleratu ditu zazpi langileak, izan ere, TAO zerbitzua gaizki dabilela iritzita Bilboko Udalak 120.000 euroko isuna ezarri zion enpresari. Hala, lan orduetan Frantziako Tourra ikustegatik kaleratu izana ukatu du enpresa batzordeak.

Halaber, kaleratutako langileei ireki dizkieten espedienteetan ez dela hori jasotzen esan du enpresa batzordeko presidenteak. Testuinguru horretan, uztailean izandako gertaera batzuk zigortzeko abendura arte itxaron izana salatu du.

Hala, TAOaren kudeaketaz arduratzen den enpresaren jarrera "xantaia" hutsa dela salatu  du Escobarrek. Gainera, akordiorik lortu ezean enpresak lan-erreforma gauzatzeko "mehatxu" egin diela ziurtatu du.

Kaleratutako zazpi langileak "baldintzarik gabe" lanera bueltatzea eta lan hitzarmena "xantaiarik gabe eta bermeekin" negoziatzea eskatzen du enpresa batzordeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko Udala albisteak Bilboko azken albisteak Bizkaia Grebak Lana Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa TAO albisteak