Ekonomia -
Gobernu bilera
Eusko Jaurlaritzak 2011ko Aurrekontuak onartu ditu
10.549 milioi eurokoak izango dira (aurten baino % 2,3 gehiago) eta zorpetzea 1.017 milioi eurokoa, 2010ean baino 900 milioi gutxiago. Aguirrek dio zerbitzu sozialak bermatuta egongo direla.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2011ko Aurrekontuen proiektua onartu du. 10.549 milioi euro izango dituzte, aurten baino % 2,3 gehiago, eta zorpetze maila 1.017 milioi eurokoa izango da (2010ean baino 900 milioi gutxiago). Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak uste du Aurrekontuak "zorrotzak" diren arren, "lehiakortasuna hobetzen" lagunduko dutela eta zerbitzu sozialak bermatuta daudela.
Proiektua aparteko Gobernu Kontseilu batean onartu dute eta era berean, 2010eko aurrekontuetatik 250 milioiko pakete bat onartu dute 2011rako ekintzetarako.
10.549 milioi euroko aurrekontuan lan politika aktiboen eskumena, atzo Espainiako eta Gasteizko gobernuek sinatutakoa, ere sartzen da (472 milioi euro). Diru hori kontuan izan gabe, proiektua 10.000 milioi eurotan geratuko litzateke, aurten baino % 2,3 gutxiago.
Ekonomia eta Ogasun sailburuak Idoia Mendia bozeramailearekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Aurrekontuak "zorrotzak" dira, baina krisitik ateratzeko helburuarekin egin omen dituzte. Hori horrela, "lehiakortasuna hobetzen" eta zerbitzu sozialak bermatzen lagunduko dutela ziurtatu du.
Proiektua Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen esku utziko dute bihar, eta legebiltzarkideen bozketara iristeko urratsak ematen hasiko dira. Jaurlaritzaren diru-sarreren eta gastuen proiektuaren onarpena, abenduaren amaieran irits litekeena, segurua da PSE-EEk eta PPk lotutako akordioari esker.
Aguirrek azaldu duenez, datorren urteko defizita 818,4 milioi euro murriztuko da, 294,7 milioi euroko aurrezkiagatik, eta zorpetzea 1.017,83 milioi euroan kokatuko da, 2010ean baino % 46,8 gutxiago.
Langileriaren gastuak % 3,4 murriztuko dira, funtzionamenduarenak % 2,3 eta ohiko transferentzienak % 3,4 enplegu politika aktiboena kontuan izan gabe; bestela, % 8,8 haziko bailitzateke.
249 milioi euroak
Aurreikusitako inbertsioak % 6,1 murriztuko dira 2010arekin alderatuz gero, baina nabarmen haziko dira 2010eko diruarekin egingo duten 249 milioi euroko aparteko inbertsio neurrien egitasmoarekin.
Egitasmo horren zati handiena (58,9 milioi) zientzia eta teknologia alorreko inbertsioak izango dira, 49,3 milioi garraio azpiegituretara bideratuko dituzte eta 36,8 milioi hezkuntzara.
Sailburuak aurreratu du barne eskaria izango dela euskal ekonomiaren "motore nagusia" kontsumo pribatuaren gorakada "nabarmena" izango baita.
Aurrekontuaren % 72,9, gastu sozialerako
Sailka, Lan eta Gai Sozialenak aurten baino % 59,9 diru gehiago (998 milioi) izango du enpleguaren eskumena dela eta.
Etxebizitza, Lan Publiko eta Garraio Sailaren aurrekontua % 0,3 haziko da, 706,9 milioi arte, eta gainerakoek behera egingo dute.
Hori horrela, Herrizaingo Sailari % 1,2 kenduko diote; Hezkuntzari % 3,3; Ekonomia eta Ogasunari % 5,5; Justizia eta Administrazio Publikoari % 4,1; Industria, Merkataritza eta Turismoari % 3,6; Osasun eta Kontsumoari % 3,5; Ingurugiroari % 4, Kulturari % 3,9 eta Presidentziari % 2,3.
Aguirrek azpimarratu du aurrekontuen % 72,9 gastu sozialerako izango dela.