Ekonomia -
Bilbo
Bilboko TAOko langileek greba egingo dute urtarrilaren 2tik aurrera
Eysa-Cycasa aldi baterako enpresa elkarteko langile batzordeak greba mugagabea deitu du zazpi langile kaleratu eta gero. Kaleratzeon atzean lan gatazka bat dagoela uste dute beharginek.
Agentziak | Erredakzioa
Eysa-Cycasa Bilboko TAOa (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua) kudeatzen duen enpresako langileek greba mugagabea abiatuko dute urtarrilaren 2an, langile batzordeak hala erabakita, zazpi lankide kaleratu eta gero.
TAOren adjudikazioa duen enpresak “lan arloko eginbeharrak ez betetzea” leporatu eta gero kaleratu ditu langileak. Detektibeen enpresa batek egindako txostenaren arabera, "egunean lau orduz Tourra ikusten aritzen ziren langileak", besteak beste.
Kaleratutako langileek, nolanahi den, salaketak ukatu dituzte, eta enpresa batzordeak esan du horren guztiaren atzetik lan hitzarmenaren inguruko gatazka bat dagoela, bost urtean ez atzera ez aurrera egon dena. Horregatik hasiko dute greba mugagabea urtarrilaren 2an.
120.000 euro, zigorretan
Egoera horren aurrean, Francisco Samir Lahdou Ganemos Goazen Bilbaoko udal zinegotziak eskatu du Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak azalpenak ematea.
Lahdouk gogora ekarri du konpainiak 120.000 euroko baino gehiagoko zigorrak ordaindu behar dizkiola Udalari sisteman akatsak egon baitira eta horrek erabiltzaileen kexak eragin baititu.
Lahdouren ustez, TAOren kudeaketa azpikontratatuta egoteak “ez du esan nahi entzungor egin behar diogunik enpresa sektoreko lan hitzarmena edo Udalarekin hitzartutako kontratuaren baldintzak ez betetzeko arriskuari”.
Gaur egun, 140 pertsona daude Bilboko TAOan lanean.