Ekonomia -

Hiriko

Epaileak erruduntzat jo ditu Hiriko auziren arduradunak

Hiriko auto elektrikoaren arduradunek auzi penalari aurre egin beharko diete datorren urtean.

Epailea eta abokatuak Gasteizko epaitegian. Argazkia: EiTB.
Epailea eta abokatuak Gasteizko epaitegian.
Erruduntzat jo ditu epaileak Hiriko auziren arduradunak

0:43

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko merkataritza-gaietarako lehen epaitegiak erruduntzat jo ditu Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohia eta Jesus Echave, Fernando Achaerandio eta Jose Luis Bengochea enpresariak, porrot egin zuen auto elektrikoaren proiektuan diru laguntzen bidez jasotako 19 milioi euro galdu izangatik. Lau akusatuak Hiriko auto elektrikoaren proiektuaren atzean zegoen Afypaida enpresako kide ziren.

Asteazken honetan ezagutzera eman den epaian, alde batetik, bereak ez diren ondasunak kudeatzeko gaitasunik gabe utzi ditu Afypaidako kideak, eta bestetik, bi urteko gaitasungaetzea ezarri die beste norbaiten ordezkari gisa aritzeko.

Halaber, 535.000 euro ordaindu beharko dizkiete hartzekodunei eta "konkurtso-hartzekodun eskubideak" galdu dituztela esan du epaileak.

Bestalde, proiektuan parte hartu zuten beste hamarna elkarteren aurkako akusazioa bertan behera utzi du epaileak.

Hiriko auziaren epaiketa irailaren 4an abiatu zen, auto elektrikoaren proiektuan diru laguntzen bidez jasotako 19 milioi euro galdu ostean Afypaidako arduradunen erantzukizuna zehazteko.

Diru-laguntzetan eskuratu zituzten ia 19 milioi euroak itzuli dezatela eskatzen zuen Estatuko Abokatutzak. Fiskaltzak, ostera, diru-laguntzak itzultzeaz gain, "interes orokorrari egindako kaltea" dela-eta 15,7 milioi euroko kalte-ordaina ematea eta akusatuei besten ondasunak kudeatzeko hamar urteko gaitasungabetzea ezartzea eskatzen zuen.

Bestalde, defentsak absoluzioa eskatu zuen.

Orain, Hiriko auto elektrikoaren arduradunek auzi penalari aurre egin beharko diete datorren urtean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak Alderdi politikoak berriak Ekonomia 2024 Albisteak