Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa
Nafarroako Gobernuak 566 plazako lan eskaintza publikoa onartu du 2017rako
Lanpostu gehienak Osasunbideari (221), Hezkuntzari (191) eta Administrazio Erdiguneari (154) dagozkie.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak 2017ko lan eskaintza publikoa onartu du. Hain zuzen ere, 566 lanpostukoa izango da, Estatuak berritze tasa zenbatekoa izan daitekeen zehaztu eta gero.
Lanpostu gehienak Osasun zerbitzuari (221), Hezkuntzari (191) eta Administrazio Erdiguneari (154) dagozkie.
Maria Jose Beaumont Presidentetza kontseilariak baieztatu duenez, 2018an “gauzatu egingo dira deialdiak”, eta baliteke deitzea Estatuarekin negoziatzen ari diren eskaintza publiko ezohikoa.
Plazen banaketa
Osasun zerbitzuari zuzendutako 221 lanpostuetatik, 219 Osasunbiderako izango dira, eta bi Nafarroako Osasun Publikoaren Instituturako.
Hezkuntzan, 191 irakasle plazak DBH eta Lanbide Heziketarako izango dira.
Administrazioaren kasuan, 37 lanpostu justizia eta ekonomia arloko teknikariak izango dira; 17, foruzainak; 15, suhiltzaileak; 14, gizarte langileak; lau, euskara itzultzaileak; eta bat, euskarako itzultzaile-interpretea.
Hezkuntzako zerrenda bakarra
Sailburuak ohartarazi duenez, baliteke AFAPNA sindikatuak euskararen dekretuaren aurka jarritako helegiteak eragina izatea lan eskaintza honetan.
Maria Solana Hezkuntza kontseilariak gaineratu duenez, “harroa” da helegitea aurkeztea lan eskaintza onartuta eta deituta ez zegoenean.
Gainera, deitoratu egin du PSNk hezkuntzako zerrenda bakarra saihesteko aurkeztutako lege proposamena. Izan ere, onartzekotan, “Parlamentuak esku sartuko du Departamentuan”.
Nafarroako Ganberak ostegunean eta ostiralean eztabaidatuko du sozialisten proposamena. Segur aski, aurrera egin du, I-Eren babesarekin.