Ekonomia -

Lan-gatazka

Bertan behera utzi dute Gipuzkoako zabor bilketan deitutako greba

Patronalak eta sindikatuek aurre-akordioa lortu dute lan-hitzarmenaren harira, eta, ondorioz, sindikatuek greba mugagaberako deialdia baliorik gabe uztea erabaki dute.

Gipuzkoako zabor-bilketan deituta zegoen greba-deialdia, bertan behera

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako kale garbiketa eta zabor bilketako lan-gatazka konpontzeko bidean da. Patronalak eta sindikatuak aurre-akordio batera iritsi dira arratsalde honetan, eta, ondorioz, sindikatuek bertan behera utzi dute gaur gauean hasi behar zuten greba mugagaberako deialdia.

ELAk jakinarazi duenez, soldata igoeraren harira bi aldeek zituzten ezberdintasunak argitu dituzte arratsalde honetako batzarrean eta horrek ahalbidetu du aurre-akordioa.

Testu horren arabera, KPIren araberako igoera izango dute 2016an; KPI + % 0,1 2017an; eta KPI + % 0,2 2018an eta 2019an.

Langileen beste aldarrikapen batzuk ere jaso ditu aurre-akordioak: ultraktibitate mugagabea eta lan-hitzarmena lau urtez izatea indarrean.

Horrez gain, asteburuetako lanaldia luzatu ahal izateko "sistema objektibo bat" ezartzea eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean errelebu-kontratuak egiteko aukera handitzea adostu dute.

ELAren iritzian, akordio honek erakusten du "azpikontratatutako enpresetan lan-baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea posible" dela.

Sindikatuek zabor bilketan deitutako greba mugagabea gaur gauean zen hastekoa, 21:00etan.

LAB sindikatuak ere oharra bidali du akordioaren berri emateko eta, ondorioz, greba deialdia bertan behera utzi dutela jakinarazteko.

Lan-hitzarmena mantentzea lortu izana "garaipena" dela azpimarratu du LABek.

"Langileek irmotasunez erantzun dute. Ez dute gozokorik onartu eta kolektiboa lehenetsi dute, elkartasuna erakutsita. Jarrera eredugarria izan da", goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Grebak Lana berriak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Sindikatuak