Ekonomia -
Sestao
Navalek beste lau hilabetez luzatuko die enplegu-erregulazioko espedientea langileei
2018ko lehen lau hilabeteetan gauzatuko da, eta tarte horretan akordioa lortzea espero dute.
EITB.EUS
Navaleko enpresa batzordeak, zuzendaritzak eta konkurtso-administratzaileak akordio bat sinatu zuten atzo, astelehena, ontziolako 180 langileri eragiten dien aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea beste lau hilabetez luzatzeko. Enplegu gabetze horrek, gainera, % 15eko murrizketa izango du langileen soldatetan eta 2018ko lehen lau hilabeteetan gauzatuko da.
Tarte horretan, bankuekin finantzatzeko laguntza lortzea espero dute, baita Sestaoko ontziolan bi ontzi eraikitzen ari den Herbehereetako armadorearekin ere.
Azken asteotan negoziatu dute akordio hori sindikatuek, baina orain Bilboko merkataritza-arloko epaitegiak onartu behar du, bera baita Sestaoko Naval enpresaren jarduera ekonomikoa ikuskatzen duena.
Enpresa batzordeko idazkariak Radio Euskadiri jakinarazi dionez, armadorea prest egongo legoke ontzi bietatik bat Sestaon bukatzeko eta bestea, berriz, Santanderrera eramatea bertan amaitzeko.
Naval ontziolako zuzendaritzak Living Stone itsasontzia ontziolatik kanpo bukatzeko proposamena egin zien irailean langileei, urte amaierara arte soldatak ordaindu eta lan erregulazioa indarrean den bitartean prestazioak osatzearen truke.
Hemendik aurrera, berriz, enplegu-erregulazioko espedientearen baldintzak aldatuko lirateke, eta enpresak langileen langabeziazko hartukizunak soldataren % 85eraino baino ez lituzke ordainduko.