Ekonomia -
Bizkaia
Bizkaiko Ogasunak 350.000 euro eskatu dizkie hamabi saltzaile ibiltariri
Saltzaile ibiltari horiek beren jarduera ekonomikoa ez dutela deklaratzen antzeman du Bizkaiko Ogasunak.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Ogasunak 350.000 euro eskatu dizkie beren jarduera ekonomikoa deklaratu ez duten azoka txikietako hamabi saltzaile ibiltariri, Jose Maria Iruarrizaga ahaldun nagusiak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunaren ikuskaritza zerbitzuak orain bi urte hasi zuen saltzaile ibiltarien gaineko ikerketa. Horretarako, azoka txikietan postuak jartzeko baimenei esker ibiltzen diren pertsonen inguruko informazioa eskatu zien hainbat udali.
Udalek emandako datuak aztertuta, Bizkaian azoka txikietan lan egiten duten 401 pertsona fisiko identifikatu ditu Ogasunak, eta horietako 244k ez dutela jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzen baieztatu dute.
Zergak ordaintzen ari ziren argitzeko lehen ikerketa bat egin ostean, 19 saltzaile ibiltariri ikuskapen txostena zabaltzea erabaki zuten.
Horietako 12k zergak ordaindu ez dituztela frogatu dute, eta 350.000 euroko iruzurra egin dutela esan du Ogasunak. Beste zazpi kasuetan, Ogasunak ikertzen jarraitzen du.
Bestalde, Iruarrizagak ezkontzetan beren zerbitzuak ematen dituzten ostalaritza, sukaldaritza, catering, ekitaldi antolatzaile edo lore-saltzaileen hainbat enpresatako jarduera ekonomikoa erregularizatu dutela esan du, "enpresa hauetako batzuek gastu pribatuak sartu baitzituzten kongresuak edo jarduera ekonomikoarekin zerikusia zuen ekitaldi gisa".
Ogasunaren arabera, enpresen zein bezeroen gain egin dute erregularizazio hori.