Ekonomia -
Akordioa
2011ko Aurrekontu 'zorrotzak' adostu dituzte PSEk eta PPk
Orotara 10.300 milioi euro izango ditu Aurrekontu proiektuak. Egitasmoak gastu arrunta gutxitu, zorra jaitsi eta krisiari aurre egiteko inbertsioak bultzatu egiten ditu.
Erredakzioa
2011ko Aurrekontuen inguruko dokumentua sinatu dute gaur PSEk eta PPk. Akordio honi esker, Patxi Lopezek bere bigarren Aurrekontu egitasmoa aurrera aterako du Legebiltzarrean.
Orotara 10.300 milioi euro izango ditu Aurrekontu proiektuak. Egitasmoak gastu arrunta gutxitu, zorra jaitsi eta krisiari aurre egiteko inbertsioak bultzatu egiten ditu, gaur Jose Antonio Pastorrek (PSE) eta Iñaki Oyarzabalek (PP) jakinarzi dutenez.
Dokumentuaren arabera, Jaurlaritzak ahalegin berezia egingo du inbertsioan. Horrez gain, aurtengo aurrekontuetatik ia 250 milioi euro gordeko ditu neurri bereziak hartzeko, krisiari aurre egiteko helburuarekin.
Zorra ere herenera jaistea espero du Jaurlaritzak (beraz, 1.100 milioi euro inguruan geldituko da 2011an). Gizarte gaietan, osasunean eta hezkuntzan ez da dirurik kenduko.
Hilabete eta erdiko negoziazioaren ondoren lortu dute akordioa sozialistek eta popularrek.
Krisiari aurre egiteko "tresna ona" izango dela nabarmendu du gaur Pastorrek, baita Jaurlaritzari egonkortasuna emateko ere. Ppren ustez, popularren ekarpenek Zapateroren akatsak "ez errepikatzeko" balio izan dute.
Behin akordioa sinatuta, Jaurlaritzak ostiralean onartuko du Aurrekontuen proiektua Gobernu bilera berezian.