Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
Laboral Kutxak 2018rako aurreikuspen ona egin du, ekonomia % 2,7 haziko baita
Lanpostuak sortuko direla baina hazkundea moteldu egingo dela iragarri du Laboral Kutxak.
Agentziak | erredakzioa
EAEko ekonomiak onera egingo du 2018an, Laboral Kutxaren aurreikuspen ekonomikoaren arabera. Hala ere, aurten baino motelago haziko da, 2018an % 2,7ko hazkundea izatea aurreikusi baitute. Gainera, 16.000 enplegu inguru sortuko direla esan dute.
Xabier Egibar Negozio Garapena arloko zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak Euskal ekonomiari buruzko 2018ko txostena aurkeztu dute ostegun honetan.
Horren harira, aurtengoa oso urte positiboa izaten ari dela esan dute, analistek aurreikusitakoa baino hobea, hain zuzen; horrela, urte bukaeran hazkundea % 3,1ekoa izango da Estatuan, eta % 3koa, berriz, EAEn.
"Une ekonomiko gozoa bizi dugu, nazioarte mailako ekonomien hazkunde sinkronizatua izaten ari baita" eta horrek "eragin positiboa du Espainiako eta EAEko ekonomietan", esan du Egibarrek.
Horrela, datorren urtean ekonomiak hazten jarraituko du, baina hazkunde hori moteldu egingo da urtearen erdi aldera. Alemania eta Frantzia dira euskal produktuak erosten dituzten herrialde nagusiak, eta horien ekonomien aurreikuspenak ere une onean daude.
Kanpo zein barne arriskuak izan daitezkeela onartu du Egibarrek. Lehenengoei dagokienez, zenbait arrisku arindu direla esan du; petrolioaren salneurria, esaterako, % 24 hazi da, oraindik merke samar egon arren, eta euroaren balioa ere handitu egin da, 2015ean behera egin ostean, eta horrek kalte egiten die esportazioei.
Ildo beretik, Laboral Kutxak ez du diru-politikan aldaketarik antzeman, eta, beraz, 2019ra arte ez du interes-tasen igoerarik espero. Halaber, kezka politikoa eragiten dute Alemanian gobernu itunik ez izateak eta Italiako hauteskundeak.
Bestalde, Kataluniako krisiak "ez du eragin esanguratsurik izan" orain arte Euskadiko ekonomian, baina arrisku "nagusia" hori da, Laboral Kutxako adituen ustez.
Kutxak irtenbide "posibilista" baten beharra ikusten du Kataluniako hauteskundeen ostean. "Akordio fiskala negoziatzeko garaia izango da Katalunian", horien arabera, baina Katalunian arazoa trabatzen bada, Euskadiko hazkunde ekonomikoa ere moteldu egingo dela eta % 2,5ean geldituko dela iragarri dute.
Xabier Egibar (ezk.) eta Joseba Madariaga, Euskal Ekonomiari buruzko 2018rako Aurreikuspenak txostenaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Amaitzeko, Laboral Kutxako arduradunek etorkizunera begira egin beharreko lanak azaldu dituzte.
Batetik, prekarietatea murrizteko kontratuen egonkortasunaren sustapena aipatu dute, eta, bestetik, berrikuntzan gehiago inbertitzeko beharra azpimarratu dute. Halaber, zorra murriztea beharrezkoa dela aipatu dute, eta, azkenik, erretiro pentsioen arazoari aurre egitea beharrezkotzat jo dute, 2018an Espainiako Gobernuak "ez baitio gai horri helduko, gizartearentzat konponbideak oso zakarrak direlako", esan dute.