Ekonomia -
2018ko arrantza kuotak
EBk % 12 jaitsi du legatzaren kuota eta txitxarroarena, % 21 igo
Gipuzkoako Kofradien iritzian, legatzaren eta berdelaren kuotak murrizteak "kalte handia" egingo die. Legatza kuotaren jaitsierak zigortuko dituela uste dute Bizkaiko arrantzaleek.
Agentziak | Erredakzioa
Luzea izan da gaua Europar Batasuneko Arrantza ministroentzat. Azkenean, 07:38 zirenean, 2018ko arrantza kuoten inguruko akordioa lortu dute 28 herrialdeetako buruzagiek. Gehienezko Harrapaketa Kopuru Onargarriaren (ingelesez, TAC) urteko kuota eta Ozeano Atlantikoan zein Ipar itsasoan ezarriko diren arrantza kuotak zehaztu dituzte.
Legatza kuotak zehazteko orduan katigatu dira elkarrizketak. Izan ere, Europako Batzordeak % 30 jaitsi nahi zuen. Espainiaren eta Frantziaren presioek, ordea, % 12ra leundu dute jaitsiera hori. Hala, Europar Batasuneko herrialdeek 9.257 tona arrantzatu ahalko dituzte 2018an, Espainiako Estatuak 5.923 tona.
Laugarren urtez segidan murriztu dute legatzaren kuota, eta itunaren baitan "salbuespena" da.
Izan ere, gainerakoan, goranzko joeraren edo aurtengo kuotak mantentzearen alde egin dute Arrantza ministroek. Hala, Kantauri Itsasoan eta Sole Handian txitxarroaren kuota % 21 igotzea adostu dute; Bizkaiko Golkoan antxoaren eta zapoaren kuotak, aldiz, 2017an bezala.
Antxoaren kuota ez igotzeak "stocka bere onera etorri dela utzi du agerian", Isabel Garcia Tejerina Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministroaren ustez. EBko herrialdeek 33.000 tona arrantzatu ahalko dituzte gehienez; Espainiako Estatuak, 29.700 tona. Zapoaren kuota 8.980 tonakoa izango da (1.368 tona Espainiako Estatuarentzat).
Gipuzkoako Kofradia: "Nola konpentsatu behar gaituzten pentsatu beharko dute "
Eugenio Elduaien Gipuzkoako arrantzale Kofradien presidentearen ustez, EBko ministroek adostutakoa txarra da euskal arrantzaleentzat, eta legatzaren kuotaren murrizketa deitoratu du eta baxurako flotarentzat konpentsazioak eskatu ditu.
Elduaienek nabarmendu duenez, murrizketak "artisau-sektore bati eragiten dio, itsasontzi txikiei". Legatzaren eta berdelaren kuoten murrizketak "kalte handia" egingo diela erantsi du.
"Ez zaigu batere gustatu. Ikusi beharko da zelan doan urtea, eta beharrezkoa bada, baxurako flotari lagundu beharko zaio", esan du Gipuzkoako Kofradien presidenteak.
Antxoatan eta atunetan ibiltzen diren itsasontzi handiei dagokienez, kuotak "2017koen antzekoak edo hobeak" direla jakinarazi du Elduaienek. "Alde horretatik pozik gaude", aitortu du.
Legatza kuotaren jaitsierak zigortuko dituela uste dute Bizkaiko arrantzaleek
Bestalde, Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako presidenteak deitoratu duenez, legatza kuotaren murrizketak sektorea gehiago zigortuko du. Zabaletaren hitzetan, “flota txikia da” eta harrapaketa horien “menpe” dago.
Zabaletaren ahotan, hegoaldeko kalan legatzari ezarritako kuota berriari, berdelaren kuota % 20 jaitsi dutela gehitu behar zaio, horrek sektorearen egoera “asko” okertu du.
Hala ere, arrantzaleak “pozik” daudela adierazi du Kofradiako presidenteak, hasieran legatzaren kuotan murrizketa are handiagoa proposatu zutelako, % 30ekoa, alegia.
“Jaitsiera % 30eko izan balitz, onena flota behin betiko portuan lotzea litzateke”, azaldu du arrantzale bizkaitarren ordezkariak. “Egoerak hobera egitea espero dugu”, erantsi du.
Bilera amaigabea
Asteartean, 10:00etan, ekin zioten negoziazioari, eta ia 22 orduren ostean heldu da ituna.
Isabel Garcia Tejerina Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministroaren hitzetan, akordioa "positiboa" da, EBren aurreneko proposamen "gogorra" ikusita.