Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZA PUBLIKOAN

Langileen gehiengoak jo du grebara hezkuntza publikoan

ELAk, LABek eta Steilasek nabarmendu dutenez, lanuztearen jarraipena % 75etik gorakoa izan da; UGTren esanetan, % 80-90ekoa; Jaurlaritzaren arabera, % 58,4koa.

Udazken honetan hainbat mobilizazio egin dituzte Hezkuntzako langileek. Artxiboko argazkia: EFE
Udazken honetan hainbat mobilizazio egin dituzte Hezkuntzako langileek. Artxiboko argazkia: EFE
Grebak % 75eko jarraipena, sindikatuen arabera; % 60koa, Jaurlaritzarentzat

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 30.000 langilek greba eguna dute gaur. Beharginen gehiengo "oso zabal" batek egin du bat deialdiarekin, % 75etik gora, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek emandako datuen arabera, eta % 80-90 ingurukoa, UGT Euskadiren hitzetan. Eusko Jaurlaritzak apur bat beherago kokatu du jarraipena, % 58,4an, hain justu (ikastetxeen % 84ren datuak kontuan hartuta egindako kalkulua).

Aspaldiko partez, hezkuntza alorrean ordezkaritza duten bost sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) bat egin dute mobilizazioa deitzeko orduan. Sindikatu abertzaleek elkarrekin deitu dute greba, eta CCOOk eta UGTk deialdi bana. Hezkuntza alorreko langile guztiak deitu dituzte grebara: Haurreskoletakoak, garbitzaileak eta sukaldeetako langileak, Hezkuntza Berezikoak eta irakasleak.

Lanuzteak izan duen erantzuna ikusita, sindikatuek uste dute indar erakustaldia egin dutela Hezkuntza Sailaren aurrean. Horrelakoetan ohiko izaten denez, jarraipenari buruz batzuek eta besteek emandako datuak ez datoz bat, baina kasu guztietan zenbatekoak altuak dira.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, langileen % 58,4k egin dute greba. Ikastetxeen % 91ren datuak aintzat hartuta egindako kalkulua da.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen iritzian, jarraipena % 75etik gorakoa izan da, oro har. Haurreskoletan % 90ekoa; hezkuntza berezian % 85koa; garbitzaileen eta sukaldeko langileen artean % 80koa; eta irakasleen artean % 75etik gorakoa.

UGT sindikatuak emandako datuen arabera, berriz, beharginen % 80-90ak egin du bat lanuztearekin.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, EAEko hezkuntza publikoko langileen baldintzak "onargarriak" dira, eta inguruko lankideenak baino "nabarmen hobeak". Dena dela, Jaurlaritza sindikatuekin hitz egiteko prest dagoela berretsi du.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan galdetu diote Erkorekari grebaren inguruan. Bozeramaileak legegintzaldi honetan aurreikusitako lan eskaintza publikoak (13.500 lanpostu) nabarmendu ditu, eta Hezkuntza Saileko aurrekontua "urterik urte" handituz doala azpimarratu du.

Manifestazio jendetsuak

ELAk, LABek eta Steilasek deituta, manifestazioak egin dituzte eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Bilboko manifestazioa abiatu aurretik, Xabier Irastorza ELAko ordezkariak esan du Eusko Jaurlaritza "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela, greba egiteko arrazoirik ez dagoela esanda.

"Milaka langile bildu dira hemen lan-baldintza duinak eta kalitatezko hezkuntza sistema publiko bat aldarrikatzeko, XXI. mendean ditugun erronkei aurre egin ahal izateko", azpimarratu du.

Horrenbestez, "negoziatzen hasteko edukiak" mahai gainean jar ditzala exijitu dio Jaurlaritzari. "Hala egin ezean, greba eta mobilizazio gehiago deitzera behartuko gaituzte", ohartarazi du.

Laburbilduz, sindikatuen aldarrikapen nagusiak hauek dira: hezkuntzan gehiago inbertitzea, irakasle gehiago kontratatzea, aldi baterako kontratazioak murriztea, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua jaistea eta soldatetan eta ordezkapenetan izan diren murrizketak bertan behera uztea.

Horrez gain, ikasle euskaldunak eta eleaniztunak bermatuko duen eredua martxan jartzea eskatzen dute, LOMCE eta Heziberri dekretuak albo batean utzita.

 

 

 

 

CCOO eta UGTren mobilizazioak

Euskal Autonomia Erkidegoko CCOO eta UGT sindikatuek ere mobilizazioak egin dituzte Bilbon, askoz txikiagoak izan badira ere.

CCOOk Arriaga Antzokiaren aurrean egin du elkarretaratzea. Sindikatu guztiek pankarta bera konpartitu ez izana deitoratu du Pablo Garcia de Vicuña CCOOren ordezkariak.

Hala ere, pozik agertu da grebak izan duen erantzuna "zabala" izan delako. Hezkuntza Sailaren aurrean egindako "indar erakustaldia" izan dela erantsi du.

LOMCE eta Heziberri dekretuak sindikatuekin negoziatzeko "oztopo" direla ohartarazi dio Jaurlaritzari.

Bestalde, UGTk Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin du bilkura, 'Negoziazio kolektiboaren defentsan' goiburupean.

Arantza Agote UGT sindikatuko arduradunaren hitzetan, aurrez inork lortu ez duena erdietsi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, hots, greba deialdia egiterakoan sindikatuak "bateratzea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Lana berriak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Sindikatuen albistea