Ekonomia -
GREBA HEZKUNTZAN
Irakasleen % 70ek egin dute greba, sindikatuen arabera; % 46k, Jaurlaritzaren ustez
28.000 irakasle zeuden grebara deituta unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan, lan-baldintza hobeak eskatzeko.
eitb.eus
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek unibertsitatez kanpoko Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deitu dituzte gaur, eta, sindikatuek emandako datuen arabera, irakasleen % 70ek egin dute bat grebarekin. Lanuzteak jarraipen handia izan du Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bereziki. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esanetan, ikastetxeen % 94ren gaineko informazioa izanik, irakasleen % 45,95ek egin dute greba. Guztira, 28.000 langile daude grebara deituta unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.
Gainera, sindikatuek deituta, manifestazioak egin dituzte, 12:00etan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, "milaka lagun irten dira kalera hezkuntza publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat garatzea eskatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari".
Aldarrikapenen artean, Hezkuntzan egindako inbertsioak Europan bestekoak izateko handitzea, 1.800 irakasle gehiago kontratatzea, behin-behinekotasun tasa % 38tik 6ra jaistea, ikasleen ratioak % 10 murriztea eta soldata murrizketak lehengoratzea eskatzen dute.
Salatu dutenez, orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio bati ekiteko asmorik erakutsi. Hori dela eta, irakasleen eta hezkuntza publiko osoaren "egoeraren larritasunari" eta aldarrikapenei erantzungo dien negoziazio bati abiatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari. "Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digu utziko", gaineratu dute.