Ekonomia -
2011ko Aurrekontu Orokorrak
Itunek Zapateroren endekapena luzatzen dutela dio Rajoyk
PPko presidentearen ustez, Aurrekontuek langabezia gehiago, zor handiagoa, zerga eta murrizketa sozial gehiago eta inbertsio gutxiago ekarriko dute.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak EAJrekin eta CCrekin lortutako aurrekontu-ituna kritikatu du PPko presidenteak; izan ere, Gobernuak Parlamentuan gehiengoa duela itxura egiteagatik ordaintzen du, baina Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen endekapena luzatzea da lortzen dutena.
2011ko Aurrekontu Orokorren osoko eztabaidan adierazi duenez, aurrekontuek ez dute kongruentziarik, ez dira egokienak, ez dira sozialak, ezta zorrotzak edo fidagarriak ere.
Rajoyren iritziz, Aurrekontuek langabezia gehiago, zor handiagoa, zerga eta murrizketa sozial gehiago eta inbertsio gutxiago ekarriko dute.
Aurrekontuen ondorioak pairatuko dituztela ohartarazi die Rajoyk EAJri eta CCri, eta azken bi urteotan, Aurrekontu Orokorrak babestu dituzten urteetan, langabeziak EAEn % 85 eta Kanarietan % 95 gora egin duela konturatu ote diren galdetu die.
Era berean, Patxi Lopez lehendakariak PPren aldetik alderdi sozialistaren aldetik baino leialtasun handiagoa espero izana paradoxa bat dela esan du Rajoyk ironiaz.
Baldarkeria leporatu dio Salgadok Rajoyri
Erantzuteko txandan, "baldarkeria" leporatu dio Salgadok Rajoyri, Gobernuak EAJ eta CCrekin lortutako akordioak kritikatzeagatik. Popularren aurreneko Gobernua (1996. urtean) nazionalistekin egindako hitzarmenetan oinarritu zela esan du Salgadok Kongresuan.
Izan ere, orduko akordioak Aznarren adierazpen batzuekin gogoratuak izango direla nabarmendu du Ekonomia arduradunak. "Intimitatean katalana hitz egiten zuela esan zuen Aznarrek, baina bitartean Jordi Pujol Generalitateko presidentea iraindu egiten zuten Genovako PPko egoitza aurrean".
Horrez gain, Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiak esandakoa ere gogora ekarri du Salgadok: bi astetan Aznarrengandik lortutakoa Felipe Gonzalezengandik ateratakoa baino gehiago izan zela azpimarratu zuen jeltzaleak.