Ekonomia -
Zorroztasun-greba
Gasteizko udaltzainek 20.000 euroko isunak jarri dituzte egunean
Udalak azaroan bildutako dirua inoiz jasotakoa baino % 60 gehiago izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Aurrera jarraitzen dute Gasteizko udaltzainek zorroztasun-grebarekin egunean batezbesteko 20.000 euroko isunak jarrita, Antxon Belakortu EH Bilduko zinegotziak asteazken honetan azaldu duenez.
Urriaren 31az geroztik, lan hobekuntzak eskatzeko udaltzain talde batek zorroztasun-greba hasi zuen oinezkoei, txirrindulariei, gidariei eta ostalariei isunak jarrita; lehen ere aintzat hartzen ez zituzten arau-hausteetan edo arau-hausleei ohartarazpen batekin konpontzen ziren horietan.
Ildo horretan, Udalak espediente informatiboa zabaldu die sei agenteri neurrigabe hazi baita horien isun kopurua.
Hori horrela, azaroan bildutako dirua inoiz jasotakoa baino % 60 gehiago izan da, egunean batezbeste 20.000 euro bildu baitituzte isunetan.
Belakorturen hitzetan, lehen hamar hilabeteotan Udalak lau milioi euro bildu ditu, 400.000 euro hilero; azaroan, berriz, 656.000 euro bildu dituzte.
Hala ere, Udaleko iturriek azaldu dutenez, kopuru hori isunen balioari dagokio, baina ez da errealitatean bildu duten kopurua, laster ordaintzeagatik murrizketak izan daitezkeelako, isunen aurkako helegiteak aurkeztu edo tramitazioan etendurak izan daitezkeelako.
Ildo horretan, "zenbait udaltzainen neurrigabeko boterea ikusita, alkatea ez dela besoak uztartutik geldituko" esan du EH Bilduko zinegotziak; eta, hortaz, herritarrak "ordaintzen ari diren arazoari amaiera eman" behar diola gaineratu du.