Ekonomia -

2017-2020 Enplegu Plana

Jaurlaritzak 1.180 milioi bideratuko ditu langabezia tasa % 10tik behera jaisteko

Gaur onartutako egitasmoak 45.000 enplegu sustatzea eta 20.000 gazteri lehen lan-aukera ematea du helburu.

Emakumeak lan merkatuan modu parekidean sartzea zainduko du planak. EiTB
Emakumezko langile bat. EiTB
Eusko Jaurlaritzak 45.000 lanpostu berri sustatu nahi ditu 2020rako

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoa onartu eta aurkeztu du gaur. Enplegua zentzurik eta zabalenean sustatzeko 1.180 milioi euro bideratuko ditu Urkulluren Gobernuak, eta 2020ko azken hiruhilekoan langabezia tasa % 10tik behera kokatzea du, besteak beste, helburu.

Egitasmoa bederatzi eremutan eta 35 jardun-ildotan antolatu dute. Langabezia tasa jaitsi eta 45.000 lanpostu sortzea du xede, enpresa berriak sortzeko eta aukera gutxien dituzten pertsonak kontratatzeko pizgarriak emanez. Horrez gain, errehabilitazioaren sustapen publikoa egingo dute, enplegua sortzeko sektore intentsibo gisa ulertzen baitu Jaurlaritzak. Era berean, lan-aukera eskainiko zaie 20.000 gazteri.

Enplegu Planaren ildo nagusiak azaldu ditu Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak prentsaurrekoan, gobernu bileraren ondotik. Horren hitzetan,  "lidergo instituzionalaren bidez" bultzatu nahi dute enplegua, horren kalitatea handituz eta behin-behinekotasuna murriztuz.

Neurriokin 2020ra arte 20.000 gazteri lan aukera bat ematea eta 6.000 enpresa txiki, autonomo eta enpresa berritzaile sortzea espero dutela goraipatu du sailburuak.

Eusko Jaurlaritzako aurrekontu aurreikuspenen arabera, 2020ra arte aurreikusitako 1.180 milioi euroetatik, 347 milioi Renove programetara bideratuko dituzte; 301 milioi lan-munduan txertatzeko pizgarrietan; 282 lanbide heziketan; 101 gazteen enplegurako; 86 ekintzaileentzako eta 63 enpresa txiki eta ertainentzako.

"Adostasun zabala"

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoak EAEko 2020 Enplegu Estrategia du oinarri. Gizarte eragileek, sindikatuek, enpresaburuek eta erakundeek adostu zuten. Artolazabalen hitzetan, erronken eta faktore kritikoen inguruko “adostasun zabala” du planak, baita aurre egin beharreko mehatxuen inguruan ere.

Laguntza behar duten pertsonak, gazteak eta emakumeak jomuga izango dituzte aurreneko neurriek, hau da, horiek lehentasuna izango dute, sailburuak zehaztu duenez.

Gainera, hezkuntza sistemaren eta enpresen arteko lotura areagotzea eta Lanbideren ekarpena hobetzea espero dute.

Eusko Jaurlaritzaren sail guztiek, aldundiek eta udalek plana elkarlanean garatuko dute. Bestalde, egitasmoaren jarraipena egiteko batzorde bat sortzeko asmoa dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa