Ekonomia -

Eztabaida Kongresuan

Salgadok azpimarratu du hazkunde aurreikuspenei eusten dietela

Osoko zuzenketak jarriko dituzte mahai gainean eta ez da ezustekorik espero, Gobernuak EAJrekin eta CCrekin lotutako akordioak tramitea gainditzea ahalbidetuko baitu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Salgado Ekonomia eta Ogasun ministroak esan du Espainiako Barne Produktu Gordinaren 2010eko hazkunde aurreikuspenei eusten dietela eta 2011koen kasuan ere aurtengoan bezala asmatzea espero du.

2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaidan emandako hitzaldian, Salgadok esan du datorren urterako aurreikusitako % 0,3ko hazkundea "nazioarteko zenbait erakundek aurreikusitakoaren gainetik" dagoela, baina aurreikuspen "errealista" dela.

Erakunde publiko zenbaitek espero dutena baino hazkunde handiago espero du Gobernuak kontsumo pribatuari dagokionez. Gainera, 2010eko aurreikuspenak zuzenak izan zirela gogorarazi du, "erakunde publiko eta pribatu nagusiek baino hobeto".

Ministroak esan du Espainiako ekonomia azken 70 urteetako krisi gogorrenetik ateratzen ari dela, baina suspertzen hasi dela, "mantso" bada ere, "iazko aurrekontuekin koherente".

Dena dela, krisiaren aurrean "bidezidorrik eta miraririk" ezin dela espero aurreratu du, eta Gobernuak Ekonomia Iraunkorraren Legearen estrategiaren baitako neurriak hartzen jarraituko duela, "hazkunde iraunkorra eta langabeziaren beherakada defizit publikoaren murrizketak ekarriko dute eta".

Zapaterok ez ditu azalpenak emango

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ez du Kongresuan azalpenik emango EAJrekin eta CCrekin lotutako akordioren inguruan, PPren eskaria CiUk bakarrik babestu baitu.

Hala ere, Soraya Saenz de Santamaria popularren bozeramaileak kazetariei azaldu dienez, Zapateroren agerraldia lehenbailehen izatea eskatuko du astero lortu arte.

Osoko zuzenketen bozketa

Madrilgo Diputatuen Kongresuak 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorren kontra PP, CiU, ERC, IU, ICV, BNG eta UpyD alderdiek aurkeztu dituzten bost osoko zuzenketak eztabaidatuko ditu gaur.

Ez da ezustekorik espero Gobernuak EAJrekin eta Coalicion Canariarekin akordioa lortu ondoren; beraz, Zapaterok gaurko tramitea gainditzea espero da.

Osoko bilera eguerdian hasi da Elena Salgado Ekonomia ministroaren hitzaldiarekin, Aurrekontuak babesteko hitzaldiarekin. Arratsaldean berriro ekingo diote saioari osoko zuzenketen defentsarekin. Oposizioko alderdiak ordenan arituko dira, diputatu gehien dituzten alderdietako ordezkariekin hasi eta ordezkari gutxien dituztenekin bukatzeko, bata bestearen atzetik.

Gaur arratsaldean hitz egiteko aukerarik ez dutenek bihar goizeko bederatzietatik aurrera egingo dute, eta talde guztiek euren jarrera ezagutzera eman ostean, zuzenketak bozkatuko dituzte.

Eztabaidatu eta osoko zuzenketak bozkatu eta gero, Aurrekontuen Batzordean eztabaidagai izango dituzte horiek, azaroaren 2tik 4ra. Bertan, talde politikoek aurkeztutako zuzenketa partzialak aztertu eta bozkatuko dituzte, eta erabakitakoa osoko bilkurara igorriko dute, azaroaren 10ean edo 11n.

Hurrengo urratsa testua Senatura igortzea izango da; proiektua atzera bota edo zuzenketarik egiten ezean, aurrekontuak onartu egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea