Ekonomia -

Greba orokorra

Erregaien eskasiari aurre egiteko neurriak aurkeztu ditu Sarkozyk

Milioi erdi lagun atera dira kalera erretiro-pentsioen aurka. Frantziako lehen ministroaren hitzetan, erregaien hornidura datozen lau egunetan normalduko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy presidentearen Gobernuak ez du amore eman eta Frantziak urteko bederatzigarren greba orokorra izan du astearte honetakoa, erretiro adina 60 urtetik 62ra igo nahi duen erreformaren aurka. Senatuan asteazken honetan egin behar zuten erreformaren bozketa, baina azkenean ostegun gauera atzeratu dute.

Francois Fillon Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalaren aurrean adierazi duenez, erregaien hornidura laster normalduko da, "datozen lau edo bost egunetan", protesten eta garraiolarien blokeoen ostean.

Erretiro-pentsioen aurkako greba egun berri bati aurre egiteko lasaitasun mezua bidali nahi izan du Fillonek. Frantziarren % 71ek babestu dute protesta, CSAren galdeketa baten arabera.

Ikasleen protestak gogortu egin dira; ikasle bat zauritu da Parisen eta Nanterren, Parisen eta Lyonen liskarrak izan dira; gutxienez 2.500 gasolina-zerbitzugune (% 20) itxi dituzte; kamioilarien ibilaldiak izan dira; hegazkin eta tren garraioetan arazoak eman dira eta prentsa-kioskoak egunkaririk gabe daude, irailetik Frantzian egiten den seigarren protesta egunean.

Erregaien eskasiari aurre egiteko neurriak hartuko dituztela agindu du Nikolas Sarkozyk. Gaur sindikatuek 266 manifestazio deitu dituzte.

Goizeko lehen orduetan, deialdia nabaritu dute tren-zerbitzuetan eta aireportuetan. Izan ere, hegaldien herenak bertan behera utzi dituzte, baina, Parisen, erdiak ez dira abiatu.

Grebaren eragina Espainian ere nabaritui da. Guztira 116 hegaldi utzi dituzte bertan behera, 32k Espainia-Frantzia bidea egiten dute, eta beste 84ek Espainia eta Europako beste herrialde batzuk lotzen dituzte, baina Frantziako aire espaziotik pasatu behar dira. AENAk zehaztu duenez, 204 hegaldi aurreikusita zeuden Espainiako eta Frantziako aireportuen artean.

Euskal aireportuen kasuetan, Bruselarako eta Pariserako bi hegaldi atzeratu dira, Loiun (Bilbo).

Atzo, ikasleek, kamioilariek eta tren-zerbitzuetako langileek egin zuten protesta. Herrialde osoan hainbat istilu jazo ziren, eta ondorioz 200 pertsona inguru atxilotu zituzten.

Dena dela, kezka nagusia erregaia da, petrolio-findegien blokeoaren ondorioz agortzen ari baita. Herrialdeko 12.500 gasolindegietatik 1.500 itxita daude.

Exxon Mobil petrolio-konpainiaren esanetan, egoera "kritikoa" da. "Parisen eta Nantesen gasolioa erosi nahi dutenek arazoak izango dituzte", ohartarazi du bozeramaile batek.

Hori ikusita, Gobernuak krisiaren jarraipena egiteko mahaia sortu du, erregai hornidura bermatzeko. Gainera, larrialdietarako gordeta dituzten petrolio-erreserbak erabiltzen hasi da.

Frantziar gehienek babestu egiten dituzte protestak eta manifestazioak. Gobernuak, baina, pentsioen sistemaren defizitari aurre egiteko bide bakarra erreforma dela ziurtatu du.

Legearen puntu nagusiak onartu egin dituzte dagoeneko Senatuan eta Asanblea Nazionalean, baina orain testu osoa bozkatuko dute Goi Ganberan. Behin onartutakoan, epe laburrean bihurtuko da lege.

Manifestazio handia Baionan

Ipar Euskal herrian ere protestak handitzen ari dira nabarmen, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Aspaldian egin den manifestaziorik handiena egin da gaur Baionan. Tren garraioan eta aireportuetan arazo handiak izan dira, ikastetxe askok greba mugagabea hastea erabaki dute eta nekea baino gehiago haserrea antzeman da protesta hauetan.

Goizeko 10:30 aldera abiatu da Baionan Sarkozyren Gobernuaren erreformaren aurkako manifestazioa. Jende ugari bildu da eta nabarmena izan da Baionako manifestazio horretan gazteen presentzia. CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek deitu dute manifestazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea