Ekonomia -

LANUZTEAK HEZKUNTZA PUBLIKOAN

Sindikatuek Hezkuntza publikoko irakasleak grebara deitu dituzte ostegunean

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez die beste aukerarik uzten. Sindikatuek lanpostuak gehitzea eta behin-behinekotasuna murriztea eskatzen dute, besteak beste.

Hezkuntzako langileen manifestazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Hezkuntzako langileen manifestazioa Bilbon.
Hezkuntzako langileen manifestazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza publikoko irakasleak grebara deitu dituzte ostegunean (azaroak 30). Sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez die beste aukerarik uzten. Halaber, lanpostuak gehitzea eta behin-behinekotasuna murriztea eskatzen dute, besteak beste.

Bilbon egindako prentsaurrekoan sindikatuek azaldu dutenez, azaroko lehen hiru asteetan Haurreskolen Partzuergoko langileek, Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileek eta Hezkuntza Bereziko langileek lanuzteak egin dituzte, eta orain Hezkuntza publikoko irakasleen txanda da.

Hori dela eta, aste honetan zehar hainbat mobilizazio egingo dituzte. Esaterako, eskoletara eta kalera eramango dituzte beren aldarrikapenak eta, ostegunean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak egingo dituzte.

Sindikatuek adierazi dutenez, aurreko ikasturtearen hasieran ekin zieten mobilizazioei, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko hainbat sektoretan bizi duten "egoera larria" salatzeko eta egoera iraultzeko. "Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez die erantzun egokirik eman gure aldarrikapenei", salatu dute. "Hezkuntza Sailak ez digu greba eta mobilizazioen dinamikari eutsi beste aukerarik uzten eta abenduaren 12rako deitutako grebara arte mobilizazioekin jarraituko dugu", azpimarratu dute.

Aldarrikapen nagusiak

Aldarrikapenen artean, hezkuntzan egindako inbertsioak Europako batez bestekora igotzea, 1.800 irakasle gehiago kontratatzea, behin-behinekotasun tasa  % 38tik % 6ra jaistea, ikasleen ratioak % 10 murriztea edo soldata murrizketak lehengoratzea eskatzen dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia berriak Albisteak Hezkuntza Irakasleak azken ordukoa