Ekonomia -
Greba
Frantziak krisi kabinete bat sortu du erregaiaren falta dela eta
Tren zerbitzuetako langileak eta kamioilariak herrialdea geldiarazten saiatzen ari dira, astearte honetako greba orokorraren bezperan, pentsioen erreformaren aurka. Poliziak 200 gazte atxilotu ditu.
Erredakzioa
Frantziako Gobernuak krisi kabinete bat jarri du abian herrialdeko ehunka gasolina-zerbitzugunetako erregai-horniduraren krisiari aurre egiteko. Erretiro-pentsioen aurkako azken orduko protestek egoera larriagotu egin dute.
Frantziako sindikatuek herrialdea geldiarazi dute gaur berriro, Senatuak erretiro adina 60 urtetik 62ra igotzea onartzeko bi egun falta direnean, eta biharko greba orokorraren bezperan.
Zentralek gordindu egin dituzte protestak, erreforma galarazten saiatzeko, eta dagoeneko 1.000 gasolindegi baino gehiago erregai barik geratzea lortu dute, petrolio-findegien blokeoaren ondorioz.
Irunen (Gipuzkoa) nabaria da hainbat pertsona etorri direla mugako beste aldetik, ibilgailuetako erregai-tanga betetzeko asmoz, Frantzian gasolina gabe geratuko diren beldur.
Nolanahi ere, arazo kritikoenetako bat, behintzat, konpondu egin du Gobernuak: Charles de Gaulle aireportua (herrialdeko inportanteena) erregaiz hornitzen hasi dira berriz, bi egunerako kerosenoa baino ez baitzuen.
Findegiek blokeatuta jarraitzen dute, eta hiri handienen sarreretan ere kaos handia dago.
Gainera, biharko aurrez ikusita dauden hegaldien % 30 bertan behera geratu dira, eta zenbakia % 50era igoko da Orly aireportuan (Paris).
Tren zerbitzuan ere joan-etorrien erdiak utzi dituzte bertan behera gaurko. Le Figaro-k argitaratutakoaren arabera 200 bat gazte atxilotu dituzte dagoeneko.
Pentsioen erreforma Nicolas Sarkozy presidentearen neurri inportanteena da, eta asteazkenean bozkatuko dute Senatuan. François Fillon lehen ministroak baztertu egin du atzera egitea.
Sarkozy
Bestalde, pentsioen erreforma aplikatuko duela ziurtatu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, nahiz eta oposizioa sortu. Erregaien horniketa bermatzeko eta liskarrak saihesteko Gobernuaren esku-hartzea justifikatu du Exekutiboko buruzagiak.
"Erreforma hau funtsezkoa da. Frantziak aurrera eramateko konpromisoa hartu du", azpimarratu du Sarkozyk Angela Merkel Alemaniako kantzelariarekin bildu ostean, Deauvillen (Frantziako ipar-mendebaldean).