Ekonomia -
ZERGA ERREFORMA
Alonso aurrekontuei buruz: 'Sozietate Zerga jaistea giltza izan daiteke'
Hala ere, Joseba Egibar jeltzaleak ziurtatu duenez, oraindik ez dute Aurrekontuen inguruko akordiorik lortu PPrekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfonso Alonso PPko presidenteak gaur adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk Sozietate Zergaren tasa % 28tik 24ra adostu izana "giltza" izan daiteke Alderdi Popularrak Eusko Jaurlaritzako 2018rako Aurrekontuak babesteko. Atzo, jeltzaleek eta sozialistek lorturiko akordioak erreakzio oldea eragin du alderdi politikoen artean. Dena den, Joseba Egibar jeltzaleak ziurtatu duenez, Gobernu koalizioa osatzen duten EAJ eta PSE-EEk oraindik ez dute PPrekin Aurrekontuen inguruko akordiorik lortu. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, ostera, oso jarrera kritikoa erakutsi dute.
Alonsok ziurtatu duenez, Sozietate Zerga jaisteko erabakia "zentzuzkoa" da eta Euskadiko Aurrekontua babesteko "giltza" izan daiteke. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dutela akordiorik lortu ziurtatu du. Dena den, baikor agertu da. Gaur bilera egin dute EAJk, PSE-EEk eta PPk eta negoziatzen jarraituko dute.
Hedabideekin Gasteizen egin duten topaketa batean, Euskadiko Aurrekontuak babesteko aukeraz hitz egin du Alfonso Alonsok. Alderdi Popularrak zerga erreforma eta Aurrekontuen negoziazioak lotu ditu hasiera-hasieratik.
Aurrekontuen negoziazioa eta Kataluniako egoera "nahasten" saiatzea leporatu die Euskadiko PPko presidenteak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi.
EAJ: Aurrekontu akordioa oraindik itxi gabe dago
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, Aurrekontu akordioa "ez dago itxita" eta Sozietate Zerga jaisteko erabakiak popularren artean duen harreraren zain daude.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Kontzertu Ekonomikoaren Legea eta Kupoaren Legearen onarpena eta Euskadiko Aurrekontuen negoziazioa bereizi nahi izan ditu: "bi gauza ezberdin dira".
EH Bilduren esanetan, zerga erreforma "oso larria" da
Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, EAJk eta PSE-EEk fiskalitateari buruz lorturiko akordioa "oso larria" da. Gaineratu duenez, "Alderdi Popularrak agintzen duela dirudi".
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Pinedok salatu duenez, enpresei zergak jaistea "guztion artean ordainduko dugu". "Oso larria iruditzen zaigu EAJk, PSE-EEk eta PPk lorturiko akordioa. Oso larria iruditzen zaigu populazioaren % 10 ere ordezkatzen ez duen alderdi batek gure politikak erabakitzea", deitoratu du.
Elkarrekin Podemosek PSE-EE kritikatu du Sozietate Zerga jaistea onartzeagatik
Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak iragarri duenez, koalizio moreak osoko zuzenketa aurkeztuko die Eusko Jaurlaritzaren 2018rako Aurrekontuei.
Martinezen hitzetan, PSE-EEk egindakoak "ez dauka izenik". Gaineratu duenez, sozialistek nahiago izan dute zergak jaistea Aurrekontuei itxura soziala ematea baino.