Ekonomia -
EAE-ko aurrekontuak
ELAk eta LABek aurrekontu proposamena kritikatu dute, 'doikuntza'ri eusten diolako
2009ko gastu mailara iristeko "Osasunean 233 milioi euro, Hezkuntzan 108 eta Etxebizitzan 80 gehiago" beharko liratekeela salatu dute.
agentziak | erredakzioa
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAren idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABenak Jaurlaritzak 2018rako prestatu dituen aurrekontu "neoliberalak" kritikatu dituzte, azken urteetako "doikuntza"ri eusten dietelako.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren ekitaldi batean parte hartu dute biek, Gasteizen, eta "Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!" lelopean manifestazioa egin dute Legebiltzarreraino.
Muñozek esan du 2018rako aurrekontuak "neoliberalak" direla eta "desberdintasun sozialak handitzen" dituztela "doikuntza bideari jarraiki".
"2009ko aurrekontuen aldean, orduko gastu mailara iristeko 233 milioi euro gehiago beharko genituzke Osasunean, 108 gehiago Hezkuntzan, eta 80 gehiago Etxebizitzan", azaldu du.
ELAren buruaren esanetan, "oinarrizkoa, gastuaren araua, adostua dago PPrekin", eta arau "maltzur" hori azaldu du: "Zerga bidez diru-sarrera gehiago izanda ere, ezin da diru hori gastu sozialera bideratu" eta "zor publikoa amortizatzera" bideratu behar da.
Muñozek zerga erreformaren "ikuskizuna" ere izan du hizpide, "PPren bila joan eta Confebaski arrazoia eman eta enpresarien zergak murriztu" nahi dituztela uste du, eta horrek "agerian" uzten duela "Confebaskek nola duen gatibu klase politikoa".
Bestalde, Garbiñe Aranburuk EAJri esan dio ezin duela babesa bilatu "erabakitzeko eskubidea galarazten duten alderdiekin", PSE gobernukideari eta PP aurrekontuak negoziatzeko solaskideari erreferentzia eginez.
"Ezin da aldaketa sozialik izan erabakitzeko eskubiderik eta burujabetasunik gabe", adierazi du LABen idazkari nagusiak, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak "genero ikuspegia kontuan ez duela hartzen" salatu aurretik.