Ekonomia -
Funtzio Publikoaren Mahaia
Administrazioan behin-behinekotasun handia dagoela onartu du Eusko Jaurlaritzak
Enplegu Publikoaren Legeko aurreproiektuaren zirriborro bat aurkeztu die EAEko Exekutiboak sindikatuei Funtzio Publikoaren Mahaian.
Agentziak | Erredakzioa
Administrazioan behin-behinekotasun tasa handiak direla onartu du gaur Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak. Enplegu Publikoaren Legea negoziatzeko orduan betorik ez jartzeko eskatu die agintariak sindikatuei.
Enplegu Publikoaren Legeko aurreproiektuaren zirriborro bat aurkeztu die gaur Eusko Jaurlaritzak sindikatuei, Funtzio Publikoaren Mahaian. Testua iragan legealdian aurkeztu zuen Exekutiboak, baina atzera bota behar izan zuten adostasun nahikorik lortu ez zuelako.
Araudi berriaren helburua enplegu publikoaren sistema eguneratzea da. Orain indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea 1989an onartu zuten.
Legeak Eusko Jaurlaritzan, udaletan, aldundietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean lanean ari diren 110.000 pertsonaren lan baldintzei, erregimenari eta funtzionamenduari eragingo die. Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera 2018ko udan bidali nahi du Iñigo Urkulluren Exekutiboak.
Sindikatuen kritikak
ELA eta LAB sindikatuak testuaren aurka azaldu dira, Espainiako legediari “men egiten” diolako, zerbitzuen pribatizazioari ateak zabaltzen dizkiolako eta behin-behinekotasun handiari konponbiderik ematen ez diolako. Are gehiago, testua atzera botatzea eskatu du ELAk.
UGTren ahotan, gauza batzuk hobetzen ditu duela bi urte aurkeztutakoarekin alderatuta, baina oraindik testua “asko hobetu” daiteke. Aurreko proiektuaren “gabezia ugari” mantentzen dituela adierazi du CCOOk. Zentzu horretan, testu “kontinuista” dela erantsi du.