Ekonomia -
KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA
Urte arteko inflazioa % 1,6 igo da EAEn eta % 1,1 Nafarroan, urrian
Iraileko datuekin alderatuta, prezioak % 1 igo dira EAEn eta % 0,9, berriz, Nafarroan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Prezioak % 1,6 eta % 1,1 igo dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, hurrenez hurren, urrian, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Gaur Espainiako Estatistika Institutuak zabaldutako datuen arabera, urte arteko inflazio tasa hiru hamarren jaitsi da EAEn hilabetean (% 1,9koa zen irailean eta % 1,6koa izan da urrian) eta bere horretan jarraitu du Nafarroan (% 1,1ekoa zen irailean, eta baita urrian ere).
Irailetik urrira bitartean, ostera, prezioak % 1 garestitu dira EAEn eta % 0,9 Nafarroan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban igo dira gehien prezioak azken hilabetean, % 1,1; izan ere, % 1 igo dira Bizkaian eta Gipuzkoan. Urte arteko datuei erreparatuz gero, Araban izan da igoerarik handiena (% 1,7), Bizkaikoaren (% 1,6) eta Gipuzkoakoaren aurretik (% 1,5).
Bestalde, urte arteko igoera % 1,6koa izan da Estatu espainiarrean, irailean baino bi hamarren gutxiago. Irailetik urrira bitartean, alabaina, prezioak % 0,9 garestitu dira.